Ohorezko Erregional mailan, nesken taldeak garaipen borobila lortu zuen Urnietan aurkako norgehiagokan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 00:00
Mikel 'Manci' erdiratzeko prest, larunbatean, Lagun Onaken aurkako partiduan.

Hernaniarrek 8-0 irabazi zuten erraz dominatutako partidua. Maila berean, mutilen taldeak 0-0 berdindu zuen Lagun Onaken aurka, etxean. Bailarako gainerako talde nagusiek, berriz, porrota jaso zuten, punturik batu gabe. 

Asteburu iluna izan da Urumea bailarako talde gehienentzat. Izan ere, garapen bakarra izan da soilik, Ohorezko Erregional mailako nesken taldean. Hernaniarrek 8-0 garaitu zuten Urnieta, erraz dominatutako derbian. Gainerako talde nagusietan, porrota edo berdinketa izan da markagailuan. 

Aritz Lujanbiok gidatutako taldea nagusi izan zen Zubipen, eta, hasiera-hasieratik, argi utzi zuen partiduaren noranzkoa. Etxekoak gailendu ziren Cesiaren, Navarroren eta Enireren bina golekin, eta Ubideren zein Lorearen beste gol banarekin. Txapelketa indartsu hasi dute berdeek, bitik bi garaipen lortu baitituzte orain arte. 

Ohorezko Erregional mailarekin jarraituta, mutilen taldeak berdinketa izan zuen Lagun Onaken kontra. Gol aukerak izan bazituzten ere, hernaniarrek ez zuten asmatu Azpeitikoen aurretik jartzea eta, azkenean, puntu bakarra lortu zuten Zubipen. Unai Munduateren mutilek hiru jardunaldi izan dituzte orain arte, eta emaitzak askotarikoak izan dira: garaipena, porrota eta berdinketa. 

Ez dute bide bera jarraitu Nazional mailan, jubenilen taldeak 2-0 galdu baitzuen Antiguokoren aurka. Aingeru eta Hartitz Otxotorenaren taldeak ez zuen lortu donostiarrei aurre egitea, eta datorren asteburuan, etxean helduko dio lehiari, berriro ere. Danok Bat izango du aurrez aurre, eta garaipeneko hiru puntuak etxean gelditzeko borrokatuko du. 

Mundarrok porrota etxean, Deustoren kontra

Astigartarren kasuan, talde nagusiei begira, Mundarrok 0-2 galdu zuen Deustoren kontrako norgehiagokan. Partidu gorabeheratsua izan zen, bi taldeek 9 jokalarirekin amaitu baitzuten topaketa. Denera, lau jokalari kanporatu zituen epaileak, bina talde bakoitzetik. 

Mundarrok, hasierako minutuetan, aukera izan zuen markagailuan aurreratzeko. Ha­la ere, zortea ez zen etxekoen alde agertu, eta astigartarrek ez zuten lortu gola sartzea. Bigarren erdian, Deustok aurrea hartu zuen, eta orduantxe okertu zen partiduko egoera. Izan ere, Mundarroko atezainak jokoa moztu zuen azken jokalari gisa, eta txartel gorria ikusi zuen. Hortik aurrera, bi taldeen erritmoa oso bizia izan zen, baina etxekoek ez zuten lortu Deustoren bigarren eta azken gola galaraztea. Eta horrelaxe itxi zen markagailua, kanpotarren alde.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!