Finalaurrekoetara pasea bideratu dute Agin Laburuk eta Nerea Elustondok, Getxon

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 26a, 00:00
Hirugarren izan zen Agin Laburu astigartarra, Getxoko kanporaketan.

Alaia Martinek irabazi zuen kanporaketa, 738 punturekin. Hirugarren izan zen astigartarra (685 puntu), eta bigarren legazpiarra (695 puntu).

Ez da gaizki hasi Bertsolari Txapelketa Nagusia, Urumea bailararekin lotura duten bertsolarientzat. Larunbateko estreinako kanporaketan aritu ziren, Getxon, Agin Laburu astigartarra eta Nerea Elustondo legazpiarra, Hernaniko Bertso Eskolan aritutakoa; eta finalaurrekoetara zuzenean ez sailkatu arren, hurrengo fase horretara pasea bideratu zuten biek. Bigarren izan zen Elustondo, 695 punturekin; eta hirugarren Laburu, 685 punturekin. Alaia Martin oiartzuarrak irabazi zuen kanporaketa, 738 puntu lortuta.

Atzetik izan zituzten Oihana Bartra bilbotarra (653 puntu), Unai Mendizabal zizurkildarra (635 puntu) eta Peru Abarrategi aramaioarra (627 puntu).

Ganbaran bikain Laburu, eta zortziko txikian eta puntu erantzunetan nagusi Elustondo

Saio polita osatu zuten biek ala biek, eta ariketa ezberdinetan jo zuten goia. Agin Laburuk, esaterako, saio bikaina osatu zuen ganbaran, 149,5 puntu lortuta. Nerea Elustondo, berriz, bikain aritu zen zortziko txikian (143,5 puntu) eta puntu erantzunetan (142,5 puntu). Bi horietan, hain justu, sei bertsolarietan onena izan zen legazpiarra.

Labururi zortziko haundian (131 puntu) eta puntu erantzunetan (132 puntu) kostatu zitzaion gehien, baina oso erregular aritu zen orokorrean: zortziko txikian 137,5 puntu, eta hamarreko txikian 135 puntu. Saio erregularra osatu zuen Elustondok ere: zortziko haundian 131 puntu eskuratu zituen, hamarreko txikian 137 puntu, eta ganbaran 141 puntu. Getxoko bertsoak entzungai daude dagoeneko bertsoa.eus webgunean.

Aurreneko fase honetan ariko diren 36 bertsolarietatik, 19 sailkatuko dira finalaurrekoetara: sei kanporaketen irabazleak, eta beste 13 onenak puntuazioz. Beraz, 17 bertsolari utzi beharko dituzte atzetik Laburuk eta Elustondok, eta altua izan da biek lortutako puntuazioa. Hori horrela, litekeena da arazorik ez izatea, aurrera egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!