Kronika erremonte jaialdia

Kronikaren aldeko erremonte jaialdiak hartuko du Galarreta, bigarren urtez, urriaren 7an

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 24a, 00:00

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da jaialdia, Galarretan.

Sarrerak 12 euro balio du, eta honakoak dira salmenta puntuak: Kronika, Galarreta (egunean bertan), Ikatza taberna (Astigarraga) eta Amaia kafetegia (Goizueta). 

Bueltan da bigarren urtez, Kronikak Oriamendirekin batera antolatzen duen ekitaldi potoloa: Kronika erremonte jaialdia, «Kronikari laguntza ekonomikoa emateko asmotan egina».

Urriaren 7an ospatuko da ekitaldia, Galarretan, arratsaldeko 18:00etan hasita. Bertan bat egingo dute, erremonteak, musikak, eta gastronomiak, besteak beste. Beraz, herritarrek gozatu ederra hartuko dute, Kronikak eta Oriamendik prestatutako egitarauarekin. Musikak Galarretako frontoia girotuko du aldi oro, eta hiru partidu jokatuko dira 20 tantora, txapelketa bizkor bat jokatuz. Bailarako lau herriak ordezkatuko dituzte lau bikotek, hau da, bikote batek Hernani ordezkatuko du, beste batek Goizueta-Arano, hirugarren batek Astigarraga eta laugarren bikote batek Ereñotzu. 

Urriaren 7an, kantxan ikusiko ditugun erremontistak ez dira nolanahikoak izango. Guztira bi finalerdi eta finala jokatuko dituzte. Lehenengo finalerdian, Loitegi eta Barrenetxea, Goikoetxea V eta Larrañagaren aurka lehiatuko dira. Bigarren finalerdian, berriz, Urrizak eta Apezetxeak, Ansa IIren eta Zubiriren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. 

Erremontearekin liluraturik, seguru askok ez dutela atzemango sabela oihuka, baina, lasai, Kronikak eta Oriamendik horretan ere pentsatu dute, eta nahikoa jana eta edana egongo da. Pintxo ederrez gain, 22 sagardotegiren sagardoa dastatzeko tartea ere egongo da, honakoak hain zuzen: Akarregi, Alberro, Altzueta, Artola, Elorrabi, Elutxeta, Eula, Gartziategi, Goiko-Lastola, Gurutzeta, Iparragirre, Itxasburu, Larre-Gain, Lizeaga, Oialume Zar, Olaizola, Otsua-Enea, Oyarbide, Petritegi, Rufino, Zapiain eta Zelaia. 

 

Sarrerak, 12 euro 

Sarrera bakoitzak 12 euro balio du, eta sarrerarekin pintxoa eta edari 1 hartzeko aukera izango da. Sarrerak, hainbat lekutan daude erosgai: Kronikan, Galarretan (egunean bertan), Astigarragan Ikatza tabernan, eta Goizuetan, Amaia kafetegian. 10 urtetik beherakoek sarrera doakoa izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!