600 milioitik gorako dirulaguntza, enpresa txikiei eta ertainei

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 24a, 00:00
Jaurlaritzaren enpresa txiki eta ertainentzako laguntza planaren aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Ekainean aurkeztu zuten, Basteron, eta bailarako 20 enpresa inguru elkartu ziren aurkezpenean.

Enpresa Txikientzat eta Ertainentzat (ETE) zuzendutako 2022ko laguntza-plana aurkeztu zien joan  Eusko Jaurlaritzak, joan den ekainean, Beterri-Buruntza eskualdeko enpresei. Beterri-Buruntzako garapen agentziarekin elkarlanean antolatutako ekitaldia izan zen, Andoaingo Bastero Kulturgunean, eta bertan izan ziren eskualdeko 20 enpresa inguru, programa bakoitzeko xehetasunak ezagutzeko. 

Hain zuzen ere, laguntza-planak, denera, 74 programa jasotzen ditu, eta aurrekontua 647 milioikoa da. Aurkezpenean azpimarratu zuten laguntza horien jomuga dela «ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, arreta berezia eskainiz Euskadiren garapen inklusiboari eta jasangarriari». Hori horrela, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburua betetzen lagunduko dute, eta lagungarriak izango dira Euskadiko enpresa-sarearen garapen inklusiborako eta jasangarrirako ere. Horrekin batera, jakitera eman zutenez, laguntzen %70 baino gehiago bideratuko dira I+G+b programetara eta Trantsizio Energetikora. 

Enpresek beren beharretara ondoen egokitzen den programa aurkitu dezaten, bakoitzari dagokion arloko programa zehaztu zuten SPRI Taldeko zuzendari nagusiak, SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendariak, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, Nazioartekotzeko Erakundeko Industria Proiektuen arduradunak, Ihobe-ko teknikariak, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak. Aurkezpenean adierazi zuten Eusko Jaurlaritzaren 2021eko ETEentzako Laguntza Planak 8.096 proiektu bultzatzea lortu zuela, guztira, 2.059 milioi euroko inbertsioarekin. Hori horrela, aurtengo laguntza arrakastatsua izatea espero dela aurreikusi zuten. 

Informazio guztia zehaztuta dago Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasunaren eta Ingurumen Sailaren webgunean: https://labur.eus/8jbSS. Bertan, xehe-xehe azalduta daude arlo guztiak eta horietako bakoitzari dagokion dirulaguntza. Zehatzak izateko, guztira, 12 atal bereizi dituzte: Teknologia I+G, berrikuntza, ekintzailetza, eraldaketa digitala, industria garapena, trantsizio energetikoa, nazioartekotza, ekonomia landa eta itsasertze eremuetan, lehen sektoreko ETEak, elikagaien industria, bioekonomia, eta ekonomia zirkularra eta ingurumena.

 

Laguntzak, norentzat?

Aurrez aipatu moduan, dirulaguntza zuzenduta dago Enpresa Txikientzat eta Ertainentzat. Europako Batzordeak dioenari begira, enpresa txikia deritzo 11 eta 50 langile artean dituenari eta ertaina, berriz, 51 eta 250 langile artean dituenari. Beraz, kasu honetan, dirulaguntza izango da baldintza hori betetzen duten Beterri-Buruntzako enpresentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!