Bailarako finala, eta etxekoak txapeldun!

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 00:00
Mundarroko jokalariak pozik, txapela eta koparekin.

Mundarrok irabazi zuen Urumea Ibaia Txapelketa, finalean 9-7 irabazita Hernaniri.

Goizeko 09:30etan hasi, eta arratsaldeko 19:00ak arte luzatu zen eskubaloiaren festa igandean, Astigarragako kiroldegian. Eta festa borobila izan zen, gainera: Mundarrok irabazi zuen Urumea Ibaia Txapelketaren aurreneko edizioa. Finalean, bailarako beste taldea hartu zuen mendean, Hernani (9-7).

Neska kadeteen sei talde aritu ziren lehian, eta ligaxkako partiduak jokatu zituzten goizean. Mundarro eta Urnieta izan ziren bi multzoetako onenak, eta finalerdietara sailkatu ziren zuzenean. Gainerako lauek, final laurdenak jokatu zituzten, eta Hernanik eta Saiekok egin zuten aurrera. Horrela, Urumea bailarako bi taldeek irabazi zituzten semifinalak, eta aurrez aurre aritu ziren final haundian.

Harmailak beteta, giro paregabea izan zen txapelketa osoan; eta eguerdian, elkarrekin bazkaldu zuten talde jokalari, entrenatzaile eta epaile guztiek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!