Ekain Lizeaga astigartarra txapeldun izan zen 51. Santo Kristo de Otadia txapelketan, Altsasun. Egigurenekin batera, garaipena lortu zuen Fernándezen eta Erleren kontra, 14-22.
Bere aldetik, C.D. Hernaniko pelotariek emaitza gazi-gozoak lortu zituzten lehenengo jardunaldian. Izan ere, 9 garaipen lortu eta 9 porrot jaso dituzte hernaniarrek. Gipuzkoako Txapelketan, bakoitzak bere mailan, norgehiagokak irabazi zituzten Arretxe-Alberdik, Deskarga-Azpeitiak, Iturbe-Legarretak, Ojuel-Lizeagak eta Jara-Alberdik.
Horrekin batera, klubak gogorarazi du zabalik dagoela Pelota Eskolako izenematea, 2011-2014 urteetan jaiotakoentzat. Izena emateko interesa dutenek, kiroldegiko frontoira joan behar dute, eta Rufino Rekalde delegatuarekin hitz egin: astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 19:00etara.