Ander Amonarriz hirugarren, Beriain XIII. Kilometro Bertikalean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 00:00
Ander Amonarriz Uharte Arakilen, podiumean. Argazkia: antolakuntza.

Podiuma lortu zuen hernaniarrak, Uharte Arakilen. XV. Sorginen Lasterketan, Anartz Artolak seigarren postuan amaitu zuen. 

Uharte Arakil-Beriain XIII. Kilometro Bertikala eta XV. Sorginen Lasterketa mendi lasterketa entzutetsuak izan ziren joan den asteburuan, Uharte Arakiletik eta Atxondoko Axpe auzotik abiatuta, hurrenez hurren. Bailarako zenbait korrikalarik parte hartu zuten horietan, eta maila bikaina erakutsita, gainera. 

Uharte Arakilen hasi eta Beriaingo tontorra izan zuten helmuga Beriain XIII. Kilometro Bertikalean, eta hantxe izan zen Ander Amonarriz hernaniarra. Hirugarren postuan amaitu zuen lasterketa, 43 minutu eta 27 segundoko markarekin. Amonarrizen lehenengo lasterketa izan zen kilometro bertikaleko modalitatean, eta Kronikari aipatu dionez, «oso pozik eta gustura» amaitu zuen bere estreinako lasterketa. 

 

Bailarako hiru korrikalari, 
XV. Sorginen Lasterketan

Larunbatean, XV. Sorginen Lasterketa izan zen Atxondon. 21 kilometroko mendi ibilbidea osatu zuten korrikalariek, eta Anartz Artola hernaniarrak seigarren amaitu zuen proba, 2 ordu 5 minutu eta 45 segundoko denborarekin. Gainera, bailarako beste zenbait korrikalarik ere parte hartu zuten lasterketan. Hodei Lujanbio goizuetarra 21garren postuan sailkatu zen, 02:16:46 markarekin. Bere aldetik, Jon Ander Olazabalek 45garren postuan amaitu zuen, 2:22:55 denborarekin. 

Ibilbide gogorra osatu zuten korrikalariek, 1.700 metroko desnibel positiboarekin. Anbotoko tontorra zen lasterketako punturik altuena, 1.331 metrorekin. Euskal Mendizale Federazioko txapelketa zegoen jokoan, eta, sailkapen orokorrean, Elorrioko Gontzal Murgoitiok lortu zuen garaipena, 1:58:54 denbora osatuta. 

Agerre Mendi Taldearen ordezkaritza izan ziren Amonarriz, Artola eta Olazabal hernaniarrak. Taldeak sare sozialetan nabarmendu duenez, «laster» asfaltoari helduko diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!