Atletico San Sebastian garaitu zuten astigartarrek, lehenengo mailan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 20a, 00:00
Mundarroren eta Atleticoren aurkako norgehiagoka, Astigarragako kiroldegian.

78-64ko emaitza izan zuten asteburuan. Hernanik, berriz, 70-62 galdu zuen Goierriren aurka. 

Gipuzkoako Ligei hasiera eman zieten joan den asteburuan, bailarako saskibaloi taldeek. Mundarrok lehenengo mailan jarraituko du aurten, baina Hernani, ordea, bigarren mailan lehiatuko da. Izan ere, pasa den denboraldian, play offean, lehenengo mailan mantentzea lortu bazuen ere, «federazioak hartutako erabakien ondorioz», maila bat beherago arituko da aurten.

Gauzak horrela, Mundarrok Atletico San Sebastianen kontra neurtu zituen indarrak. Larunbatean izan zuten hitzordua, Astigarragako kiroldegian, eta mutilek garaipena lortu zuten txapelketako lehenengo jardunaldian. Hasierako laurdenean partiduan sartzea lortu ez bazuten ere, gero, moreek lortu zuten partiduaren erritmoa zehaztea, eta markagailua 78-64 itxi zen astigartarren alde. Lehenengo laurdenean, donostiarrak gailendu ziren 13-18. Bigarrena, berriz, 25-5 irabazi zuten etxekoek. Hirugarrena Atleticorentzat izan zen, 20-26 eta, azkena, Astigarragakoek errematatu zuten, 20-15.  

Hernaniarrek, bigarren mailan, Goierri izan zuten aurrez aurre. Etxetik kanpo jokatu zuten, eta 70-62 galdu zuten Ligako lehenengo jardunaldia. Norgehiagoka zaila izan zen Hernanirentzat, hasieratik zaila izan baitzuen garaipena lortzea. Mutilek 22-13 galdu zuten lehenengo laurdena, baina hobeto aritu ziren bigarrenean, 15-22ko emaitza lortuta. Hala ere, hirugarren zatia gogorra izan zen hernaniarrentzat, jokalari bat lesionatu eta 23-13 galdu baitzuten. Eta amaieran hobeto aritu eta azken laurdena 10-14 irabazi bazuten ere, azkenean, garaipena Donostian gelditu zen. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!