Gaur jarriko da martxan Mugikortasun Astea Europar Batasunean, 'Konexio hobeak' lelopean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 19a, 00:00

Hernanin eta Astigarragan ekintza ezberdinak antolatu dira gaur hasi eta ostiralera arte.

Mugikortasun Astea iritsi da Europa Batasunera aste honetan, Konexio hobeak lelopean, eta Hernanin eta Astigarragan hitzordu ezberdinak jarri dituzte. Honela, Astigarragan gaur hasi eta ostegunera arte hiru zita izango dituzte. Hernanin berriz, bizikleta eta patin ikastaro eta tailerrak eskainiko dira gaurtik ostiralera arte.

Astigarragan ibilaldia egingo dute gaur goizean, 10:30etan Joseba Barandiaran plazatik abiatuta: Martutenera joango dira, bidegorritik. Eta bueltakoan, pikoteoa izango dute zain, udaletxeko arkupeetan. Etzi, asteazkenean 10:30etatik 11:30etara, Joseba Barandiaran plazan gimnasia egingo da. Edonork parte hartu dezake bi ekitaldietan. Ostegunean, Reziklantes emanaldia eskainiko da Erribera plazan 19:00etan.

 

Bizikleta eta patin ikastaroak, Hernanin aste osoan zehar

Hernaniko Udalak zenbait ekitaldi antolatu ditu. Gaur, bihar, etzi eta ostegunean bizikletan ibiltzen ikasteko edota trebezia berreskuratzeko ikastaroak eskainiko dira. Arratsaldeko 16:30etatik 18:00etara izango da, gaur eta etzi. Biharko eta ostegunekoa 18:00etatik 19:30etara izango da. Bizikletan ibiltzeko tailerraz gain, oinarrizko mekanika bizikleta konponketa ere eskainiko du Kalapie elkarteak, ostiralean, Atsegindegin 16:00etatik 20:00etara.

Patin ikastaroa ere antolatu da. Hiru eguneko ikastaroa izango da, eta ume zein helduei zuzenduta dago. Gaur eta etzi 18:00etatik 19:30etara izango da eta bihar 16:30etatik 18:00etara. Eguraldi ona eginez gero Floridako Politena parkean izango dira ikastaroak eta euria eginez gero, Urumea ikastolan eramango dira aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!