Sagarreta taldeak Urumea ibaia garbituko du datorren larunbatean Hernani parean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 19a, 00:00

Urumean neumatikoak ikusi daitezke nonahi.

Karabel eta Zubiondo artean egingo da garbiketa eta goizeko 10:00etan da hitzordua Landare eta Zubipe arteko parkinean.

Datorren irailaren 24rako, larunbaterako, Urumea errekaren garbiketa antolatu du Sagarreta taldeak Hernanin. Taldea 2022 urtean elkartzen hasi da, bailarako bioaniztasunaz arduratuta (maiatzean eta ekainean egin ziren hitzaldiak, ibilaldia, dokumentalak…).

Ikasturte berria hasteko auzolanean Urumea errekaren garbiketa bat antolatuko da. Aukeratu den zatia Karabel eta Zubiondo poligonoen arteko tartea da, bi zubien artekoa hain zuzen. Leku hori aukeratu da, sarbide egokiak dituelako, ura ez delako oso sakona eta hainbat hondakin bistaratu direlako erretiratzeko.

Gainera, herritarrek ibaia ezagutzeko ere aprobetxatuko dute auzolana, izan ere, «askotan errekari bizkar emanda bizi gara. Erreka garbitzeaz gain, ingurumenaren egoeraren behaketa egingo da», gaineratu dute Sagarretatik.

Landare eta Zubiondoren artean dagoen parkina izango da topalekua goizeko 10:00etan eta berehala hasiko dituzte lanak. Edonork parte har dezake, erreka barrutik egingo da, urak ez baitu sakonera haundiegirik zati horretan. Izenematea eskertuko da info@sagarreta.eus helbidera mezua bidalita.

Norberak aldatzeko arropa eta errekan ibiltzeko oinetako egokiak ekarri beharko ditu, ibai barrutik aritzeko modukoak. Gainontzeko materiala, eskularruak, poltsak, erramintak… bertan banatuko dira.

 

Sagarretaren bilerak martxan dira hilabeteko lehenengo eta hirugarren asteazkenetan

Taldeak udalaren laguntza izango du azpiegitura eta materialari dagokionez: edukiontziak jarriko dira eta hondakinen kudeaketa egokia egingo da.

Ekimen hau Baso Biziak plataformako hainbat elkarterekin batera egingo da, izan ere erreka garbiketak egingo dira 17 herritan, irailaren 24an, Euskal Herrian zehar.

Bestalde taldearen bilerak martxan dira: Sagarreta taldea irekita dago edonori eta bilerak hilabeteko lehen eta hirugarren asteazkenetan izango dira, arratsaldeko 18:00etan, Iturolan, datorrena etzi irailaren 21ean izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!