Kronika erremonte jaialdia

Kronikaren alde bigarren jaialdia antolatu da urriaren 7an Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 18a, 00:00

Pasa den urtean Elaia Díaz eta Eider Tolosa.

Oriamendirekin batera antolatu da eta erremonte txapelketa bizkorra, musika, jan-edana eta sortzaileen postuak izango dira.

Kronikak Oriamendirekin batera, bigarren erremonte jaialdia antolatu du urriaren 7an, ostiralean, Galarretako frontoian, Kronikari bultzada eta babesa emateko asmotan. Ekitaldi hau Kronikak eta Oriamendik bere garaian sinatutako hitzarmenaren eta lankidetzaren barruan kokatzen da. Jaialdi ikusgarria prestatu da kirola, jaia, sorkuntza eta jan-edana uztartzen dituena.

Kirola, musika, sortzaileak, gastronomia eta jai giroa elkartuko dira Galarretan, arratsaldeko 17:00etan hasiko den ikuskizunean. Herritarrek gozatzeko, egitarau erakargarria prestatu da: jaialdi guztian zehar musikak girotuko du frontoia eta 20 tantora hiru partidu jokatuko dira txapelketa bizkor batean. Bailarako lau herriak ordezkatuko dituzte lau bikotek. Honela, bikote batek Hernani ordezkatuko du, beste batek Goizueta-Arano, hirugarren batek Astigarraga eta laugarren bikote batek Ereñotzu. 

 

Bi finalerdi eta finala, onenen artean Urumeako herriak ordezkatuz

Gainera ez dira nolanahiko erremontistak izango txapelketan. Bi finalerdi eta finala jokatuko dituzte eta lehenengo finalerdian Loitegi eta Barrenetxeak, Goikoetxea V eta Larrañagaren aurka jokatuko dute. Bigarren finalerdian, Urriza eta Apezetxeak, Ansa II eta Zubiri izango dituzte aurrez aurre. 

Pintxoak eta sagardoa ere jarriko dira jan-edanaz gozatzeko. Bailarako 20 sagardotegiren sagardoa izango da aukeran. Aspertzeko denborarik ez da izango.

Sarrerak, 12 euroren truke erosi daitezke, ondorengo lekuetan: Hernanin Kronikan, Galarretan (egunean bertan); Astigarragan Ikatza tabernan; eta Goizuetan Amaia kafetegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!