Martxan da Gipuzkoako Txapelketa atzotik, Urumea bailarako 25 talderekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 17a, 00:00

Oraindik jubenilak izan arren, nagusietan ariko dira Macicior eta Kerejeta

Denboraldiko aurreneko txapelketa ofiziala izango da. Palaz zortzi talderekin ariko da Hernani, eta hiru bikoterekin Mundarro. Eskuz, berriz, 13 talde osatu ditu Hernanik, baina talde bakarra izango du Mundarrok aurten.

Hasi da denboraldi berria, Urumea bailarako esku pelotarientzat. Martxan da Gipuzkoako Txapelketa atzotik, denboraldiko aurreneko torneo ofiziala; eta bailarako 25 taldek hartuko dute parte, eskuz zein palaz.

Palako modalitatean ariko dira horietatik 11. Talde asko osatu ditu Hernanik, beste behin, eta zortzirekin ariko da txapelketan. Nagusietan, nesken lehenengo mailan jokatuko du talde batek, lau palistarekin: Ariane Arrieta, Amaia Irazustabarrena, Maider Huizi eta Miren Goikoetxea urnietarra. Nesken bigarren mailan izango ditu beste bi talde Hernanik: Enara Macicior eta Ane Kerejeta jubenilak ariko dira maila horretan, batetik; eta Ekhine Balerdi eta Ainhoa Urien, bestetik. Mutilen talde bat ere izango da bigarren mailan: Ander Arandiak, Mikel Manterolak eta Iker Zurutuzak osatuko dute. Jubenil mailan izango dituzte beste bi talde hernaniarrek, sei palistarekin: Irati Miner, Laia Garmendia, Joana Tolaretxipi, Maddi Iriondo, Nahia Iribar pasaitarra, eta Irati Saralegi astigartarra. Eta bi talde ariko dira neska kadeteetan ere, baina taldeak osatzen ari dira oraindik.

Mundarrok, berriz, hiru talde osatu ditu, palaz aritzeko; hirurak ere, nagusienak. Nesken bigarren mailan ariko da talde bat, Izaro Arrarasek, Marina Del Riok eta Maialen Elduak osatuko dutena. Mutilen bigarren mailan ere jokatuko du Mundarrok, talde batekin: Alain Agirre hernaniarrak eta Beñat Zubiarrainek jokatuko dute. Eta mutilen hirugarren mailan ariko da beste taldea: Asier Larramendi eta Ekaitz Ezkerra.

Eskuz ariko dira beste 14 taldeak. Talde bakarra osatu ahal izan du Mundarrok aurten, mutil nagusien lehenengo mailan ariko dena, Eñaut eta Ekain Lizeaga anaiekin. Gainerako 13 taldeak Hernanikoak izango dira, eta horiekin, eskuz talde gehien aurkeztu dituen bigarren kluba da, Lazkaoko Lapkeren atzetik. Bost bikote ariko dira mutil nagusietan: Paul Ojuel eta Markel Lizeaga, eta Iñigo Urkizu eta Iñigo Labaka, lehenengo mailan; Xabier Salaberria eta Xabier Ortiz de Urbina, bigarren mailan; eta Ekaitz Cisneros eta Mikel Lasa, Garikoitz Arizmendi eta Unai Etxarri, eta Jon Jara eta Josu Altuna, hirugarren mailan. Mutil jubeniletan ariko dira beste lau bikote: Unax Manterola eta Oier Alegria, lehenengo mailan; eta Unax Arabaolaza eta Ganix Urdangarin, Xuban Iturbe eta Oihan Legarreta, eta Julen Deskarga eta Oier Azpeitia, bigarren mailan. Eta azkenik, mutil kadeteetan jokatuko dute beste hiru bikotek: Unax Pascual eta Aimar Zabala astigartarra, bigarren mailan; eta Aimar Galatas eta Oinatz Gaskon, eta Joseba Arretxe eta Martin Alberdi, hirugarren mailan. Xuban Goñi astigartarrak, berriz, Oiarperekin jokatuko du, Mundarrok utzita, jubenilen bigarren mailan.

Atzo ekin zion txapelketari, taldeen erdiak; eta gaur eta bihar jokatuko dute gainerakoek. Zortzi partidu izango dira Hernaniko kiroldegiko frontoian, sei eskuz eta bi palaz. Gaur goizean, 11:00etan hasiko da jaialdia, eta arratsaldean 17:00etan. Bihar, berriz, arratsaldean izango dira hiru partidu, 16:00etan hasita, goizean Tilosetan jokatuko baitute, Euskal Jaien barruan.

 

Sagar Uzta jaialdia, hurrengo igandean Txomiñenen

Bestalde, maila haundiko esku pelota jaialdia prestatu dute hurrengo iganderako, irailaren 25erako, Txomiñenen. Sagar Uztaren ospakizunaren barruan antolatu dute, Sagardoetxeak, Mundarrok, Astigarragako Udalak eta Ados Pilotak. 17:30etan hasiko da jaialdia, eta bi partidu izango dira. Aurrenekoan, Ados Pilotako bi bikote ariko dira: Iera Agirre Iturriaga eta Oihana Orbegozo, Eneritz Arrietaren eta Maite Ruiz de Larramendi Mujikaren kontra. Eta bigarrenean, afizionatu mailako puntako bi bikote, biak ere bailarakoak: Eñaut eta Ekain Lizeaga anai astigartarrak, Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarren kontra.

 

Emakumezkoen Paleta Goma Txapelketa, Astigarragan

Txomiñenen bertan jokatuko da, baita ere, Emakumezkoen Paleta Goma Txapelketa, Mundarrok antolatuta. Datorren larunbatean, irailaren 24an, jokatuko dituzte semifinalak, arratsaldeko 17:30etan hasita; eta honako zortzi palistek jokatuko dute: Izaro Arraras, Maialen Eldua, Irati Saralegi, Ane Kerejeta, Enara Macicior, Naroa Otxoa, Marina Del Rio eta Ainhoa Urien.

Finala urriaren 1ean izango da, 17:30etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!