Gaur hasiko dute liga mutil seniorrek: lehenengo mailan Mundarrok, eta bigarrenean Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 17a, 00:00

Hernanik mailari eutsi zion arren, bigarren mailan jokatu beharko du azkenean.

Aurreko denboraldian biek eutsi zioten mailari, baina kategorian hainbat aldaketa egin dituztela eta, bigarren mailan ariko da Hernani, azkenean. Etxean ariko da Mundarro, Atleticoren kontra, 18:00etan; eta Zumarragan Hernani, 16:00etan.

Abiatzear dira Gipuzkoako Ligak, mutil seniorren maila gorenetan. Gaur bertan ekingo diote lehenengo eta bigarren mailan, eta horietan ariko dira Mundarroko eta Hernaniko aurreneko taldeak. 

Lehenengo mailan aritu ziren biak, eta lortu zuten mailari eustea: erosoago Mundarrok, eta jaitsiera saihesteko play offean Hernanik. Baina, azkenean, bigarren mailan jokatu beharko dute hernaniarrek: «aurreko denboraldian gure merituengatik mailari eustea lortu arren, hainbat kategoriatan aldaketak izan ondoren eta lekurik ez izateagatik, bigarren mailan jokatuko dugu denboraldi honetan, federazioak hartutako erabakien ondorioz», azaldu dute taldetik.

 

Etxean ekingo dio Mundarrok, eta Zumarragan Hernanik

Etxean jokatuko dute estreinako partidua astigartarrek, gaur arratsaldean, Gipuzkoako lehenengo mailan. Kiroldegian izango da, 18:00etan hasita, eta Atletico San Sebastian hartuko dute. 

Guztira, 14 talde ariko dira aurreneko mailan, eta 26 partidu jokatu beharko ditu talde bakoitzak, apirilaren bukaerara arte. Honakoak izango dira, gainerako 12 taldeak: Soraluce BKE, Bosteko Irauli, Internacional, Donosti Dolphins, Getariako, Añorga, Inter de Mitente, Loyola 21 Hoops, Aloña Mendi, Saski Axular, Santo Tomas Lizeoa eta TAKE.

Hernanik, berriz, Zumarragan hasiko du liga, gaur arratsaldeko 16:00etan, Ispilla kiroldegian. Goierri izango du kontrario, txapelketa hasteko.

Bi multzotan ariko dira bigarren mailako 16 taldeak, multzo bakoitzean zortzi. Hernaniren multzoan, Goierriz gain, honakoak ariko dira: Debasket, Casa de La Rioja, DKS, Easo Basket, Mondragon Unibertsitatea eta Elorri Aldapa. Aurreneko fase honetan, 14 partidu jokatuko ditu talde bakoitzak, urtarrilaren bukaerara arte.

 

Dozena bat saskibaloi talde denboraldi honetan, bailaran

Makina bat talde osatu dituzte aurten ere, Hernanik eta Mundarrok, kategoria ezberdinetan. Lau talde osatzea lortu du Hernanik, mutiletan; kategoria bakoitzeko bana: seniorretan, juniorretan, kadeteetan eta infantiletan.

Talde gehiagorekin ariko da Mundarro, zortzi guztira. Neska seniorren taldea osatu dute aurten ere, eta Gipuzkoako lehenengo mailan ariko da berriro. Irailaren bukaeran egingo dute egutegiaren zozketa, eta urriko bigarren asteburuan hasiko dute liga.

Mutil seniorretan, berriz, hi­ru talde osatzea lortu dute, mutil juniorretatik jokalari asko igo baitira aurten: lehenengo mailan ariko da talde bat, eta hirugarren mailan beste biak. Gainerako lau taldeak, honakoak izango dira: mutil juniorretan bat, neska zein mutil kadeteetan bana, eta mutil infantiletan beste bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!