Etxetik kanpo jokatuko dute Hernaniren eta Mundarroren talde nagusiek, asteburu honetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 17a, 00:00

Gaur hasiko dute denboraldia, Hernaniko Ohorezko Erregionaleko neskek.

Sanpedrotarraren zelaian jokatuko du Mundarroko mutilen talde nagusiak gaur, Preferentean; eta Mutrikun eta Antzuolan ariko dira bihar Hernaniko neskak eta mutilak, hurrenez hurren, Ohorezko Erregionalean.

Hernaniko bi taldek hasi zuten liga aurreko astean: Ohorezko Erregionaleko mutilek, eta Liga Nazionaleko mutil jubenilek. Biek ere, garaipen ederrak lortuta. Eta oraingoan, bailarako beste 10 talde batuko zaizkie, txapelketa asko hasiko baitira asteburu honetan.

Horien artean dago, esaterako, Hernaniko nesken talde nagusia, Ohorezko Erregional mailan ariko dena. Mutrikuko San Miguel zelaian jokatuko dute estreinako partidua, bihar eguerdiko 12:00etan hasita, Amaikak Bat-Mutriku taldearen kontra.

Asteburu honetan ekingo dio Mundarroko mutilen talde nagusiak ere, Erregional Preferentean. Trintxer zelaian jokatuko du ligako aurreneko partidua, gaur bertan, 15:30etan Sanpedrotrarraren kontra.

Eta aurreko biek bezala, etxetik kanpo jokatuko du Hernaniko mutilen Ohorezko Erregionaleko taldeak ere. Haien kasuan, ligako bigarren partidua izango da, eta Antzuolan jokatuko dute, bihar arratsaldeko 16:30etan, Aloña Mendiren kontra. Hasiera borobila eman zioten ligari, Mutrikuri 3-1 irabazita eta joko-maila polita erakutsita; eta bide horretatik segi nahi dute, bigarren garaipena lortzeko.

Horretan saiatuko da, beste hiru puntu lortzen, Liga Nazionaleko mutil jubenilen taldea ere. Cultural de Durangoren zelaian 0-4 nagusitu ondoren, Real Sociedad B hartuko dute Zubipen, bigarren jardunaldian. Gaur arratsaldean izango da, 16:30etan.

Gainera, mutil seniorren bigarren taldeak ere hasiko du liga, Erregional Preferentean. Zubipen jokatuko du, Hondarribiaren kontra, gaur 18:30etan.

 

Mutil jubenilak eta kadeteak ere, martxan

Gazteagoek ere hasiko dituzte ligak, asteburu honetan bertan. Zehazki, mutil jubenilen eta kadeteen txapelketei ekingo diete, ohorezko mailan zein preferentean. Maila horietako bakoitzean izango du talde bana Mundarrok: ohorezko jubeniletan zein preferentean, eta ohorezko kadeteetan zein preferentean. Hernanik, berriz, ohorezko jubeniletan izango du bigarren taldea (Liga Nazionalean ariko da aurrenekoa), eta lehenengo mailan ere izango du hirugarren talde bat. Kadeteetan, berriz, talde bana izango du ohorezko mailan eta preferentean, Mundarrok bezala. Jubeniletan zein kadeteetan, maila berria da preferenteena, ohorezko mailaren eta lehenengo mailaren tarteko gisa sortu dutena.

Gainera, lagunarteko hainbat partidu ere jokatuko dituzte Hernaniko taldeek, asteburu honetan. Erregional Preferenteko nesken taldeak, esaterako, Zubipen jokatuko du gaur, 12:00etan, Santo Tomas Lizeoaren kontra.

Guztira, 10 partidu jokatuko dira Zubipen asteburuan, eta bi partidu Zarkumendegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!