Urumea Ibaia Txapelketa jokatuko dute bihar aurrenekoz, Astigarragako kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 17a, 00:00

Mundarroko jokalari bat, jaurtitzen, aurreko denboraldiko partidu batean.

Neska kadeteen torneoa izango da, eta sei taldek hartuko dute parte: Mundarrok, Hernanik, Bera Berak, Iraulik, Urnietak eta Saiekok. Goizeko 09:30etan hasiko dira partiduak.

Urrian hasiko dute denboraldi berria, eskubaloi talde gehienek; eta beraz, aste batzuk geratzen zaizkie oraindik, lehiari ekiteko. Prestaketan murgilduta daude buru-belarri egunotan, eta lagunarteko partiduak zein txapelketak jokatuko dituzte, sasoi punturik onena lortzeko helburuarekin.

Torneo horietako bat, hain jux­tu, Astigarragan jokatuko da, bihar goizean. Urumea Ibaia Txapelketa antolatu du Mundarro Kirol Elkarteak, Astigarragako Udalaren laguntzarekin; eta aurreneko edizioa izango du biharkoa. Astigarragako kiroldegian jokatuko dute, eta goizeko 09:30etan hasiko dira partiduak.

Neska kadeteen txapelketa izango da jokatuko dutena, eta partehartzea ez da nolanahikoa izango: kategoria horretako sei talde ariko dira lehian, Urumea Ibaia konkistatzeko. Horietako bi, Urumea bailarakoak izango dira: Mundarro eta Hernani. Eta maila haundiko taldeak izango dira beste lauak: Bera Bera, Urnieta, Irauli eta Saieko.

 

Senior mutilen taldea Hernanik, Gipuzkoako bigarren mailan

Gainerako kategorietan ere, jokatuko dituzte lagunarteko partiduak eta torneo laburrak, denboraldi ofiziala hasi bitartean. Oraindik osatu gabe daude Gipuzkoako Ligetako egutegi gehienak, baina senior mailakoak eman dituzte aditzera, dagoeneko. Horietan, bailarako talde bat izango da: senior mutilen taldea osatu du Hernanik aurten ere, eta Gipuzkoako bigarren mailan ariko da, aurreko urtean bezala.

Urriaren 1eko asteburuan hasiko dute denboraldia, eta bederatzi talde ariko dira lehian; Hernanirekin batera, honako zortziak: Elgoibar, Donibane Kalaburtza, Munttarpe, Donibane Bonantza, Pulpo, Egia, Txingudi eta Bergara. Etxetik kanpo hasiko du liga Hernanik, Elgoibarren; eta atsedena izango du hurrengo asteburuan. Hori horrela, urriaren 15ean edo 16an jokatuko du aurreneko partidua etxean: Donibane Bonantza hartuko du kiroldegian. Guztira, 16 partidu jokatuko ditu talde bakoitzak, eta bi jardunalditan har­tuko du atseden, martxoaren 23ra bitartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!