Aste honetan hasiko da Gipuzkoako Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 00:00

Zabalik dago epea, CD Hernaniko Pelota Eskolan izena emateko

Ostiralean ekingo diote, eta eskuzko lehian, 13 talderekin ariko da Hernani, kadete, jubenil eta senior mailetan.

Aste honetan hasiko da pelotako Gipuzkoako Txapelketa, denboraldi berriko aurreneko torneo ofiziala; eta Hernaniko talde ugari izango dira, partehartzaileen artean. Eskuz binaka, 32 klubetako 157 taldek jokatuko dute, eta horietatik 13 izango dira CD Hernanirenak. Hori horrela, talde gehien osatu dituen bigarren kluba da, Lazkaoko Lapkeren atzetik. Kadete mailakoak dira Hernaniko hiru talde, jubenilenak lau, eta senior mailakoak sei. Ostiralean ekingo diote aurreneko jardunaldiari, eta 11 partidu jokatuko dituzte Hernaniko kiroldegiko frontoian: bederatzi eskuz, eta bi palaz.

 

Pelota Eskolan izenematea zabalik, 2011-2014 urteetan jaiotakoentzat

Bestalde, zabalik dago CD Hernaniko Pelota Eskolan izena emateko epea, irailaren bukaerara arte, 2011-2014 urteen artean jaiotakoentzat. Horretarako, kiroldegiko frontoira joan behar dute, eta Rufino Rekalde delegatuarekin hitz egin: astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 19:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!