Hondakin errausketaren aurkako elkarretaratzea bihar, Kontxan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 00:00

Alderdi Ederretik abiatuko da mobilizazioa 11:00etan, eta Kontxako hondartza izango dute helmuga. Hernanin Zero Zabor taldeak bertaratzeko deia luzatu die hernaniarrei.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egin die Gipuzkoako herritarrei hondakinen errausketaren aurka mobilizatzera Donostian, bihar, estropadak jokatzen diren ordu berean. Urteak daramatzate EAMeko militanteek bere protesta azaltzen Zubietan eraikitako erraustegiaren kontra, baina, aurten, deialdiari lotu zaizkio Bergaran eraiki nahi duten beste erraustegiaren aurkako herritarrak ere. Goizeko 11:00etan Alderdi Ederretik abiatuta, Kontxako hondarretan egingo dute elkarretaratzea. EAMeko kide den Hernanin Zero Zabor taldeak ere hernaniarrei dei egin die protestara hurbiltzeko.

Donostiako estropaden bigarren jardunaldi eguna hondakinen errausketaren aurkako mobilizaziorako unea ere izan da azken hamarkada honetan, urtero Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Gipuzkoako hiriburuko hondartzan antolatzen duen giza katearekin. Aurtengoa ere herritarrei erraustegien kontrako beren protesta azaltzera hurbiltzeko deia egin dute antolatzaileek, «hondakinen arazoa gero eta larriagoa eta zabalagoa» dela ohartarazita.

Bihar egingo den mobilizaziora Bergarako Larramendiko Arnasa ere batu da aurten, Jaurlaritzak baimena eman duelako Gipuzkoan hirugarren errauste planta bat eraikitzeko: «Geldiaraztea lortzen ez bada, Zubietako erraustegiaren eta lehendik Añorgan porlana ekoizteko estakuruz hondakinak erretzen dituen Rezolarenaren ostean, Larramendikoa gerta daiteke hirugarren errausketa-labea», mobilizazioaren antolatzaileek oroitarazi dutenez, «azken urtean jakin delako Eusko Jaurlaritzak eta Valogreen enpresak Bergaran hondakin industrialen erraustegi bat eraiki nahi dutela».

Mobilizaziorako deia zabaltzeko prentsaurrekoan, EAMeko militanteek salatu dute: «Eusko Jaurlaritzaren jarrera antidemokratikoa salatu behar da, Tapia legea-ren bidez haientzat estrategikoa den edozein proiektu aurrera ateratzeko aukera ematen baitio, herritarren eta Udalen iritzien eta arauen gainetik pasata». Eta egitasmo honen ondorioez ohartarazi dute: «Erraustegi honek urtean 592.000 tona gas klima larrialdi areagotzen dutenak, 90.000 tona ur kutsatu, 8.000 tona hondakin arriskutsu, metal astunak, dioxinak sortuko ditu, besteak beste».

 

«Zubietan ere, istripuak»

Bestalde, Zubietan azken urteotan jada hiri hondakinak eta bestelako zaborrak kiskaltzen ari den erraustegiari dagokionez, EAMeko kideek ere oroitarazi zituzten instalazio horietan gertatutako istripuak, «hainbat kutsadura oraindik argitu gabeko eragin dituztenak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!