Erraztasunak eta dirulaguntza potoloak, euskara ikasteko erronkari heltzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 00:00

Ikasturte berriarekin batera, euskaltegietara joko dute eskualdeko herritar askok, euskara ikasteko zein berreskuratzeko, hizkuntza maila hobetzeko, agiriren bat lortzeko... Eta saiakera horretan, bidelagun izango dituzte Buruntzaldeko sei udalak ere, matrikularen kostu osoa edo zati handiena lagunduko baitiete diruz. HABEk ere emango ditu dirulaguntzak, horretarako.

Hemen da ikasturte berria, eta oporraldian pilak kargatuta, iritsi da urteroko ohitura onak berreskuratzeko garaia ere. Horietako bat, askorentzat, izaten da euskaltegira hutsik egin gabe joatea, euskara ikasteko zein berreskuratzeko, hizkuntza maila hobetzeko, edota egunerokoan zein lan munduan aukera berriak zabalduko dizkieten ezagutza eta agiriak lortzeko.

Helburua edozein dela ere, bere neurrira egindako aukerarik ez dute faltako Buruntzaldeko herritarrek, beste urte batez, eskualdean bertan: udal euskaltegiek zein AEK euskaltegiek, maila eta behar guztietara egokitutako eskaintza daukate aukeran, egun eta ordutegi ezberdinetan.

Eta euskaltegiek erraztasunak ematen badituzte euskara ikasi edo indartzeko, are gehiago errazten dute eskualdeko sei udalek, horretara bideratutako dirulaguntzekin, euskararen erabilera normalizatu eta helduen alfabetatze eta euskalduntzea sustatzeko bidean.

Ikasturtean zehar euskara ikasteko, oso potoloak dira eskaintzen dituzten dirulaguntzak. Kasurik apalenetan, matrikularen %70a laguntzen dute diruz; baina oro har, hortik gorakoak dira dirulaguntzak, baita %100ekoak ere, kasu askotan. Baldintzak, berriz, ez dira zorrotzak: nahikoa da udalerrian erroldatuta egotea, 16 urtetik gorakoa izatea, eta asistentzia minimo bat betetzea (%80-85ekoa).

 

HABEren dirulaguntzak

Buruntzaldeko sei udalek eskainitako dirulaguntzez gain, HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) ematen dituenak ere eskuragarri daude.

Kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden guztiek egin dezakete eskaera, baldin eta aurreko ikasturtean gainditu bazuten HABEren ikastaro edo mailetako bat, homologatutako euskaltegi batean zein autoikaskuntzarako zentro batean, edota HABEren egiaztatze-deialdietan agiria eskuratuta.

Gainditu edo egiaztatu duen maila bakoitzeko, ikasleak eskuratu dezake 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetako matrikuletan ordaindutako kopurua, gehieneko muga hauekin, mailaren arabera: A1 mailan, 600 euro; A2 mailan, 800 euro; B1 mailan, 900 euro; B2 mailan, 1000 euro; C1 mailan, 700 euro 1992an edo ondoren jaiotakoentzat, eta 150 euro 1991n edo aurretik jaiotakoentzat; eta C2 mailan, 100 euro.

Kasu batzuetan, HABEren dirulaguntza ez da udalek emandakoekin bateragarria; eta gai­nerakoetan, bi dirulaguntzen baturak ezingo du matrikularen kopuru osoa gainditu.

EUSKARA IKASTEKO DIRULAGUNTZAK

Andoain

Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Andoainen erroldatuta egotea (sei hilabete lehenagotik), eta %85eko asistentzia.
Dirulaguntzak: matrikularen %85a gehienez ere, baina %100a ere izan daiteke kasu batzuetan (diru-sarrera mugatuak, familia ugariak, merkatariak, gurasoak, entrenatzaileak, atzerritarrak, begiraleak...). Barnetegietan, ostatu gastuen %50a gehienez ere.

 

Astigarraga

Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Astigarragan erroldatuta egotea (adin txikikoen kasuan, gurasoetako bat behintzat hala egotea), %85eko asistentzia edo ikasturtean gutxienez urrats bat gainditzea, eta egin beharreko ebaluazio probak egitea.
Dirulaguntzak: matrikularen %100a, oinarrizko errenta jasotzen dutenek, Udalaren larrialdi laguntza jasotzen dutenek, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoek, familia ugariko kideek, unibertsitateko edo lanbide heziketako ikasleek, merkatariek, eta azken hiru urteetan hiru maila gainditu dituztenek. Gainerakoek, matrikularen %75a. Gehienez ere 743 euro.

 

Hernani

Baldintzak: Hernanin erroldatuta egotea, eta %85eko asistentzia.
Dirulaguntzak: astean 10 ordu baino luzeagoak diren ikastaroetan, matrikularen %100a langabetuei, ikasleei, erretiratuei edo desgaitasunen bat dutenei; gainerakoei, matrikularen %75a. Astean 10 ordu edo laburragoak diren ikastaroetan, matrikularen %90a langabetuei, ikasleei, erretiratuei edo desgaitasunen bat dutenei; gainerakoei, matrikularen %70a. Barnetegietan, matrikularen %100a langabetuei, ikasleei, erretiratuei edo desgaitasunen bat dutenei; gainerakoei, matrikularen %75a (ostatu gastuak norberaren kontura).

 

Lasarte-Oria

Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Lasarte-Orian erroldatuta egotea (ikastaroak irauten duen epe osoan), %85eko asistentzia eta gutxieneko aprobetxamendua gainditzea, eta ikastaro hauetakoren bat egina izatea: euskaltegiko ikasturtean zeharreko ikastaroa (gutxienez 80 ordu), barnetegia (gutxienez hilabete segidan), edo udako ikastaroa.
Dirulaguntzak: matrikularen %85a gehienez ere.

 

Urnieta

Baldintzak: Urnietan erroldatuta egotea, %80ko asistentzia eta aprobetxamendu ona izatea.
Dirulaguntzak: matrikularen %100a gehienez ere langabetuentzat, eta %85a gehienez ere lanean ari direnentzat. Eskatzaile bakoitzeko, ikasturteko 600 eurokoa izango da laguntzaren muga, eta udako ikastaroetan 200 eurokoa. Barnetegiko ikastaroetan, matrikula gastuak bakarrik lagunduko dira diruz. 

 

Usurbil

Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, Usurbilen erroldatuta egotea, %80ko asistentzia, eta gutxieneko aprobetxamendua gainditzea. Ikastaroak iraun bitartean erroldan alta edo baja emanez gero, ikasturtean zehar erroldatuta egon den denboraren proportzioan jasoko da dirulaguntza.
Dirulaguntzak: matrikularen %100a, 600 euroko mugarekin. Eskaera kopuruak dirulaguntzetarako aurreikusitako partida gaindituz gero, proportzionalki murriztuko dira dirulaguntzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!