Kontxako Badiako 78. Igerialdian izango dira bailarako zenbait igerilari

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 10a, 00:00
Bailarako zenbait igerilari, aurreko urte bateko Igerialdian.

Gaur, 11:00etan, haurren kategoriakoa izango da lehenik. Absolutuena, berriz, 11:45etan hasiko da. 

Kontxako Bandera erabakiko da bihar, Donostian. Eta, hitzordu horrez gain, bada beste zita garrantzitsu bat ere gaurkoan. Hain zuzen ere, Euskal Jaien egitarauaren barruan, Kontxako Badiako 78. Igerialdia izango da.

Goizeko 11:00etan hasiko da trabesia, Nautikoan, haurren kategoriarekin. Txikienek 0,4 itsas miliako (740 metro gutxi gorabehera) ibilbidea osatu beharko dute. Gero, goizeko 11:45ak aldera, emakumezkoen kategoria absolutuaren txanda izango da, eta, handik 15 minutura, gizonezkoen igeriketa hasiko da. Absolutuen kategorian ari direnek, 1,2 itsas miliako (2.200 metro inguru) ibilbidea egingo dute.

Haurrek zein helduen ibilbideak badiaren barruan osatuko dira. Horrek oso erakargarria egiten du proba, bai igerilarien segurtasunaren aldetik, bai bertaratutako ikusleentzat. Izan ere, igerilariak gertutik jarraitzeko aukera izaten da. 

 

Urumea bailarako ordezkaritza, gaurkoan

Edizio honetan, 600 lagun ariko dira igerian kategoria absolutuan eta 100 inguru, berriz, haurrenean. Gainera, betiko moduan, bertakoak ez ezik, Espainiako hainbat txokotatik etorritakoak ere izango dira Donostian. Eta, noski, Urumea bailarako zenbait igerilarik ere parte hartuko dute gaurko proban. Hernaniko Kirol Elkarteko igerilarien denboraldiko lehenengo proba izaten da Kontxakoa, eta, denera, bailarako 20 parte-hartzaile inguru izango dira. Irabazteko edo podiuma egiteko aukera dute horietako zenbaitek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!