Gipuzkoako mugikortasun berriari lotutako 15 proiektu babestuko ditu, Foru Aldundiak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 6a, 00:00

'Smart Mobility Industry' programako laguntza ekonomikoa 690.000 eurokoa izango da aurten. 

Aldundiak onartu du Gipuzkoan mugikortasun berriaren sektorea bultzatzeko, Smart Mobility Industry programari dagozkion laguntzak ematea. Horretarako, guztira 690.000 euro banatuko dira, eta 20 enpresa, ikerketa zentro eta erakunde izango dira onuradun. Aldundiak jakinarazi du, ekimen honen helburua dela lurraldeko sare ekonomikoaren eraldaketa bultzatzea. Horretarako, mugikortasun berriarekin lotutako negozio nitxo berrietara bideratuko da jarduera; zehazki, honako hauetara: elektromugikortasuna, karga azpiegitura eta gidatze autonomoa. Gainera lehendik dagoen enpresa ehuna sostengatuko da, eta haren dibertsifikazio eta egokitzapen gaitasuna indartuko da, «erronka eta premia berriei aurre egiteko». 

Laguntzak, hiru ataletan banatuko dira, lehenengoak 202.396 euro izango ditu, eta bultzatuko du mugikortasun berriarekin lotutako erakustaldi teknologikoko proiektu pilotuen garapena. Horrez gain, 8 eragilek parte hartuko duten 3 ekimen bultzatuko dira. Horietako 2 elkarlanekoak izango direla ziurtatu du Aldundiak, eta horien artean dauden hauek garatzea: «elektromugikortasunerako eta energia laser-zelulan biltegiratzeko demostratzaile teknologikoak, kode irekiko energia adimenduna kudeatzeko sistema bat, edo ontzi elektrikoak kaian daudenean kargatzeko azpiegitura bat». 

 Bigarren ildoak arlo hauetako proiektuak babesten ditu, besteak beste, hausnarketa estrategikoa, negozioaren birorientazioa, dibertsifikazioa eta eraldaketa digitala. Horretarako 75.000 euro bideratuko dira. Hirugarren ildoak, berrikuntza teknologikoak ditu jomugan, eta aurten 412.604 euro bideratuko dira, berrikuntza teknologikoko proiektuak bultzatzeko. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!