Eider Barba hernaniarra garaile Oriorekin, Kontxako Banderako lehenengo jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 5a, 00:00

Emakumezkoetan, Oriok lortu zuen garaipena eta gizonezkoetan, berriz, Urdaibaik. Datorren igandean jokatuko da bigarren jardunaldia.

Kontxako Banderako lehenengo jardunaldia izan zen atzo, eta Maialen traineruak parte hartzeko aukera izan ez bazuen ere, Urumea bailarako zenbait arraunlari izan ziren Banderako lehian.

Emakumezkoak izan ziren lehenak, eta Oriok lortu zuen garaipena 10:37:52ko denbora osatuta. Eider Barba hernaniarra izan zen ontzi horiko protagonistetako bat, eta bi segundo pasatxoko tartea atera zion bigarren sailkatuari, Arraun Lagunaki (10:39:68).

Sailkapen orokorrean, Hondarribia izan zen hirugarrena. Lehenbiziko postuan gurutzatu zuen helmuga, estropadako lehenengo txandan. Miren Garmendia patroi hernaniarrak bikain gidatu zituen arraunlariak, eta 10:50:47ko denbora osatu zuten. «Inoiz ez naiz ibili hain bare hemen Kontxan, itsasoa oso lasai dago», aipatu zuen Garmendiak estropada amaitzean. «Ostegunean ez ginen oso gustura gelditu, baina gaurkoan asko gozatu dugu eta oso pozik gaude», adierazi zuen. Maider Perezek ez zuen arraun egin atzo Hondarribiarekin, eta ontzi kanpotik jarraitu zuen estropada.

Bestalde, Uxue Alberdi hernaniarra Donostiarrarekin izan zen. Laugarren postuan amaitu zuen lehenengo jardunaldia, 10:52:82ko denbora eginda.

Bere aldetik, bi hernaniarrek egin zuten arraun Hibaikarekin: Ihintz Larrañagak eta Jone Pastorrek. Atzoko estropadan, arraun egitetik kanpo gelditu ziren Nora Urbe eta Garazi Arabiatorre herrikideak. Seigarren postuan amaitu zuen Hibaikak, 10:57:65eko markarekin.

Mutilen txandan, Urdaibai izan zen azkarrena 19:21:56ko denborarekin. Hondarribia heldu zen bigarren postuan 19:29:20ko marka osatuta. Donostiarrarekin, arraun egin zuten Hernaniko Xabat Pastorrek eta Iker Imazek, eta 19:29:26ko marka lortu zuten, hirugarren postua lortuta. «Bagenekien borrokan egoteko kalitatea genuela, eta hasieratik, zuzenean, estropadaren bila joan gara beldurrik gabe. Ea datorren astean hasitako errematatzen dugun!», esan zuen Pastorrek.

Bigarren jardunaldia datorren igandean jokatuko da. Hantxe izango dira bailarako arraunlariak eta ikuskizunaz gozatzera bertaratzen diren herritar guztiak. Bertan erabakiko dira 2022ko Kontxako Banderako irabazleak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!