Antton Apezetxea goizuetarra eta Igoa, De la Fuente eta Iruritaren aurka elite mailan, gaur Antiguoko finalean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 3a, 00:00

Oses, Arsuaga eta Salaberria txapela eta garaikurrekin, Atano III.a frontoian.

Elite mailako finalerdian 22-9 irabazi zuten Unai Mata eta Ekain Lizeaga astigartarraren aurka. Promesetan Beñat Apezetxea goizuetarra kalean geratu zen finalerdian 22-17 galduta.

Abuztuan Antiguo auzoko Torneo garrantzitsu eta entzutetsua jokatzen da eta bertan bailarako hainbat pelotarik jokatu dute. Elite mailan aritu dira Hodei Exposito, Ekain Lizeaga eta Antton Apezetxea eta azken honek finalerako txartela lortu zuen pasa den asteartean. Finalak gaur jokatuko dira, 11:00etan hasita, eta Josu Igoak eta Antton Apezetxeak, Aingeru de la Fuente eta Josu Irurita izango dituzte aurrez aurre elite mailakoan.

Finalera iristeko finalerdian, 22-9 irabazi zuten Unai Mata eta Ekain Lizeaga astigartarraren aurka. Bailarako pelotari batek ziurtatua zuen finala eta txartela goizuetarrak lortu zuen elite mailan. Hodei Exposito ligaxkan geratu zen kanporatua.  

Igoak eta Apezetxeak txapelketako partidu denak irabazi dituzte eta gaur aurrean duten bikoteak ere ez dute porrotik ezagutzen. Jokatu dituzten partiduak ikusita oso final parekatua espero da nagusien mailan.

Promesetan aldiz ez da izango bailarako ordezkaririk. Beñat Apezetxeak finalerdian galdu egin zuen, asteazkenean, Arkaitz Gabirondo gazteluarrarekin batera. Unai Amiano irundarra eta Eneko Beloki andoaindarra nagusitu zitzaizkien finalerdian 22-17. Hamaseinako berdinketa eta gero ihes egin zuten irabazleek. Aurtengo txapelketan berrikuntza bat izan da arauetan. 21nako berdinketa eta gero bi tantoko aldea lortu arte, 25 tanto pasa gabe, jarraitzen du partiduak. Hala ere, horrelakorik ez zen gertatu. 

 

Oses-Arsuaga eta Xabier Salaberria txapeldun, Atano frontoian

Gauzak ezin hobeto joan ziren Hernaniko pelotarientzat Abuztuaren 31ko Txapelketan. Donostiako Trinitate Plazan jokatzen da txapelketa hau, baina finalak aurten Atanon jokatu dira. Ekhi Oses eta Oier Arsuagak, bikote osatuta, emozioz beteriko finala irabazi zuten, 18-17. Tolosako Perurena eta Camino gainditu zituzten ezin zirraragarriagoa izan zen finalean. 

Nagusien mailako finala ere oso estua eta emozioz beterikoa izan zen. C.D. Hernaniko Xabier Salaberriak Pagazpeko Urruzolarekin osatu zuen bikotea eta txapela jantzi zuten, Larrañaga (Lapke) eta Aranburu (Eple) 22-19 gaindituta. Hasieratik  joan ziren aurretik, baina nekearen erruz azken zatian zaildu zen partidua.

Bi mailetako finalen iragarpenek esaten zuten indarrak parekatuak zeudela eta lehia estua izango zela. Bete betean asmatu zuten, azken tantora arte. 

2021-22 denboraldia amaitu berri da eta denboraldi berriaren zain, Hernaniko klubeko pelotariek txapelketa ugari irabazi dituzte aurten. Lortutako azken bi txapel hauekin, C.D.Hernaniko pelotariek 21-22 denboraldiari agur esan diote, guztira 20 txapel irabazita eta 30 final jokatuta. Ez da gutxi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!