Donostian Joxe Ramon Rezola omendu eta Ximon Etxeberria gogoan, Sagardo Egunean

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 3a, 00:00

11:00etatik 13:45etara bitartean ospatuko dute gaur, Konstituzio plazan. 12:30etan izango dira topa eta omenaldiak eta goizean zehar sagardo dastatzea, muztioaren elaborazioa, sagar erakusketa, bertsolariak...

Donostiako Euskal Jaien barruan 35garren Sagardo Eguna ospatuko da gaur Konstituzio Plazan eta bertan bailarako sagardogileak protagonista izango dira. Rezola sagardotegiko Joxe Ramon Rezola izango da omenduetako bat, eta Otsua-Eneako Ximon Etxeberria gogoan izango dute.

11:00etatik 13:45etara ospatu­ko dute Sagardo Eguna, gaur goiz-eguerdian zehar. Hasiera Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 38 sagardogilek ekoitzitako sagardoen dastaketak emango dio. Sagarra prentsatzeko artisau-prozesua ere zuzenean ikusi ahal izango da, eta 2022ko uztako lehen muztioa dastatzeko aukera egongo da. Berritasun gisa, sagardoa kopan gozatuko da aurten.

Goizean zehar Sagardogintza, gure ofizioa erakusketa ikusgai egongo da Konstituzio plazako eszenatoki aurrealdean. Sagarra bildu, jo eta tolare zaharrarekin au­rre­neko muztioa nola ateratzen den ikusi ahal izango da bertan. Hain juxtu, muztioaren aurreneko tantak lortu be­zala, txalapartaren hotsarekin ja­kinaraziko da zukua prest da­goela, gerturatzen denari dastatzeko aukera emateko.

Halaber, Euskal Sagardoaren jatorria diren bertako sagarren erakusketa egongo da ikusgai, eta injerto motei eta horien teknikei buruzko tailerrak eskainiko dira.

Amaitzeko, topa eta hainbat omenaldi antolatu dira, 12:30etan hasita. Besteak beste, eskertza eta aitortza berezia egingo zaio Otsua-Enea Sagardotegiko Ximon Etxeberriari, omenaldia egin aurretik zendu zena, eta Petritegi Sagardotegiari, urteetan zehar beraiek izan baitira Konstituzio Plazan pintxoak eskaini dituztenak. 

Ximon Etxeberria 2020ko udan hil zen eta gogoan izango dute.

Astigarragako Rezola Sagardotegiko Joxe Ramon Rezola omenduko da eta berarekin batera egingo zaie aitortza, Oiartzungo Ordo-Zelai Sagardotegiko Isabel Garmendia eta Joxe Errandoneari, Ataungo Urbitarte Sagardotegiko Demetrio Terradillosi eta Urnietako Altuna Sagardotegiko Xanti Altuna eta Mari Carmen Jauregiri.

Hori guztiaz gain, sagardogintzaren sektorearen inguruko informazioa eman eta produktuak saltzeko denda ere jarriko da plazan, eta txalaparta, trikitixa eta panderoak jarriko dute giroa. 

 

Telleri Zar eta Bego Villar, elikagai ekologikoen azokan

Sagardoaz gozatzen ari diren une berean Boulevarden elikagai ekologikoen azoka antolatuko da eta bertan ardi gazta eta mermeladak, kontserbak eta abar salduko dituzte Hernaniko Telleri Zarreko eta Bego Villar ekoizleek. 

10:00etatik aurrera 20 parte-hartzaile izango dira azokan, gehienak gipuzkoarrak. Biolur elkarteak antolatzen du Donostia Festak eta nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseiluaren lankidetzarekin. Barazkiak, ardi, ahuntz eta behi gazta, eztia, ogia, mermeladak, olioa, arrautzak eta ardoa aurkitu ahal izango da, besteak beste. Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak eta Biolurren informazio puntua ere izango dira bertan bisitarientzako.

Udako azoka ekologikoetan elikagai ekologikoen salmenta bultzatze aldera Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak 5 euroko bonoak eskuratzeko aukera jarri du ekolurra.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!