Eskolara buelta eta inflazioa: familiak kezkatzen dituen konbinazioak garestituko du poltsikoa

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 3a, 00:00
Ez da neurri berezirik hartuko C0VIDaren arira.

Errealitate ekonomikoak familia askoren errutinak eta ohiturak aldatzea ekarriko du, horrela eskola-gastuen hazkundeari aurre egin ahal izateko. Pandemia aurreko kostua %42 garestitu da eta 252 eurokoa izango da.

Irailean sartu da uda eta oraindik eguraldi bikaina egiten badu ere, errutinetara itzultzeko garaia heldu da. Asteazkenean, irailaren 7an, hasiko dute Nafarroako ikasleek ikasturte berria eta egun bat beranduago, irailaren 8an, ostegunean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek.

Eskolara itzulera azken urteetan ez da erraza izan Covid-19ak eragindako osasun alarma dela eta. Aurten, berriz, eskolara bueltak bat egiten du duela ia lau hamarkadatik ikusten ez zen inflazio-gertakari batekin. Errealitate ekonomiko horrek, zalantzarik gabe, familia askoren errutinak eta ohiturak aldatzea ekarriko du, eskola-gastuen hazkundeari aurre egin ahal izateko. 

Eskolara itzulera aurten ez da batere merkea izango. Inflazioa dela eta materialen prezioa asko igo da. Eskolako materiala erosterakoan, batez beste, ikasle bakoitzeko gastua 252 eurokoa izango da, iaz baino % 7 garestiago. Baina erreferentzia pandemia aurreko egoera baldin bada igoera %42a da.

Gastu horiek, oro har, nabarmen igo dira, uztaileko KPIa %11 ingurukoa izan baita, baina askoz ere gehiago kasu zehatzetan, hala nola elektrizitatean (%49,4), gasolioan (%35) edo gasolinan (%23,9), ezinbesteko elementuak baitira, gurasoek haurrak eskolara eramateko, adibidez.

Izan ere, familien %36k uste du eskolara joatea dela aurtengo «eskolara itzultzeko» elementurik kezkagarriena, eta, ondoren, liburuak erostea ( %27) eta eskola-materiala erostea ( %26), Appinio merkatuen ikerketarako plataformak egindako inkesta baten arabera.

Erregaien prezioaren igoera horren aurrean, Gobernuak iragarri du doakoak izango direla Renfek irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean ematen dituen aldiriko eta distantzia ertaineko tren-zerbitzuen abonuak.

Gainera, autonomia-erkidegoek eta udalek zuzeneko laguntzak jasoko dituzte garraio-abonuen eta balioaniztun tituluen prezioa %30 jaisteko, eta, beren eskumenen esparruan, beherapen hori %50era, %60ra edo doakotasun osora zabal dezakete.

Neurri horien bidez, autoa etxean uztea eta garraio publikoa erabiltzea sustatu nahi da, eta familia askok erabaki hori hartu beharko dute irailetik aurrera, nahiz eta horrek joan-etorrietarako denbora gehitzea ekarri.

 

Eskolara buelta irailaren 8an izango da Euskal Autonomi Erkidegoan.
 

 

Aurrezteko aukera ezberdinak daude

Eskolara itzultzean, liburuak eta eskola-materiala erosteak ere gastu haundia sortzen die familiei; izan ere, aurten, paperezko produktuak %23 baino gehiago igo dira, papergintzako beste material batzuk ia %5, testuliburuak % 1,5 eta fikziozkoak %1,8. Horregatik, familiek kostu horiek murrizteko moduak bilatzen dituzte: aipatutako Appinioren inkestaren arabera, ia %50ek eskola-materiala berrerabiltzea sustatuko dute; %47k sustapen eta deskontu bereziak erabiliko dituzte; %32k eskualde-mailako laguntzak eskatuko dituzte; % 31k bigarren eskuko materiala alderatuko dute eta %17k maileguan ematea eskatuko dute. 

Bigarren eskuko materiala erabiltzeak aurrezpen garrantzitsua dakar. Honela %50 eta %75 artean aurreztu daiteke. Material hori saltzen duten dendetan salmentak asko igo dira

Eskola-jantokiari dagokionez, ikasle gehienek zerbitzu hori erabiltzen jarraituko dute, baina %14k etxeko fianbrera bat eramango dute aurrezteko helburuarekin. Hala ere, ez da erraza izango urte batean elikagaiek izan duten igoera kontuan hartuta: tasa %13,9an kokatzen da, eta nabarmentzekoa da pastaren prezioaren igoera ( %31,6), gurinarena ( %26,1), esnearena ( %22,6), arrautzena ( %22,5), zerealena ( %20,4), hegazti-haragiarena ( %16,3) eta lekale eta barazki freskoena ( %15,5).

 

Ikastetxe publikoetarako aldatzeko asmoa goruntz

Merkatuak ikertzeko plataforma horren beste ondorio bat da inkestatutako familien % 25ek ikastetxe itundu edo pribatu batera jotzen dutela, eta aurten ikastetxe publiko batera aldatzeko asmoa dutela. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, bigarren mailako irakaskuntzak %2,3 egin du gora uztailean, 2021eko hil beraren aldean; lehen hezkuntzak, berriz, %2,1 egin du gora, goikoak, % 0,8, eta haur-hezkuntzak ia berdin jarraitzen du, % 0,3ko aldakuntzarekin.

 

Astigarragako Udalak dirulaguntzak bideratu ditu

Astigarragako Udalak 5.000 euro bideratuko ditu 2022-23 ikasturtean derrigorrezko hezkuntzan edo haur-hezkuntzako maila batean matrikulatutako ikasle astigartarren familiei eskola-materiala erosten laguntzeko. Eskaerak urriaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira udaletxeko erregistroan edo, bestela, telematikoki www.astigarraga.eus webgunean.

Eskaera egiterakoan, erosketa-faktura edo horren ordezko agiria aurkeztu beharko da (faktura sinplifikatua), eta 2022ko uztailaren 1etik urriaren 15era bitartean egindako erosketen fakturak onartuko dira.

Ontzat emandako erosketaren dirulaguntza, gehienez, kopuruaren %70ekoa izango da erosketak Astigarragako saltokiren batean egiten badira, eta %50ekoa, berriz, kanpoan egiten badira. Ikasle bakoitzak 75 euro eta 125 euro artean jasoko ditu. Diru-sarreren muga kontuan hartuko da, oinarrietan zehazten den familia-unitateko kideen arabera.

Deialdian aurreratu dutenez, honako elementuak hartuko dira eskola materialtzat: idazmahaiko materiala eta suntsikorrak (boligrafoak, klipak, txorroskiloak, koadernoak, folioak...); material ez suntsikorrak (karpetak, estutxeak, kalkulagailuak, motxilak, testu liburuak...); eskolara joateko beharrezkoak diren janztekoak (uniformeak, betaurrekoak, heziketa fisikoa egiteko kiroletako arropa eta oinetakoak...); Teknologietako, Musika eta Heziketa Plastikoetako elementuak; Haur Hezkuntzako ikasleen kasuan, mantala eta motxila txiki bat; eta, azkenik, oro har, eskolak zirkular bidez espezifikoki eskatutako edozein material.

 

Beste zenbait dirulaguntza

Udalak jakitera eman duenez, zabalik dago beste bi dirulaguntza eskatzeko epea. Batetik, Haur Eskoletako erabiltzaileentzat dirulaguntzak: urriaren 31ra arte aurkeztu daitezke eskaerak. Bestetik, ikasleentzako garraio dirulaguntzak: irailaren 30a da eskaera aurkezteko azken eguna. Informazio gehiago nahi izanez gero, oinarriak zehaztuta daude Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean edota Udalaren webgunean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!