Hegazti gehiago hilik agertu dira Urumea ibaian, «berriro ere»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 31a, 00:00

Hildako basahatea Urumea ibaian.

Eguzki Talde Ekologistak salatu du ezbeharra, eta berehalako azalpenak eskatu ditu. 

Eguzki Talde Ekologistak salatu berri duenez, hegazti gehiago agertu dira hilik Urumea ibaian. «Urumean zer gertatzen ari den argitu behar da», aipatu dute taldeko kideek. Izan ere, uretako zenbait hegazti, «batez ere basahateak», oraindik ere hilda agertzen ari dira. Aurreko astean ere hainbat neurritako 50 bat aingira hilik agertu zirela salatu dute. 

Eguzkik argitu du Martutene inguruan aurkitu dituztela hildako hegaztiak. Gainera, jakinarazi du ez dela hori gertatzen den lehenengo aldia. Zehatzak izateko, abuztuaren 21ean ere uretako hegazti batzuk hilik agertu ziren Urumean. 

Horrekin batera, Eguzkik azaldu du joan den larunbatean, Udaltzaingoa eta Aldundiko zein URA Uraren Euskal Agentziako teknikariak bertaratu zirela gertatutakoa argitzera. 

 

Azalpenak eskatu dituzte

Gertatutako guztiagatik, elkarteak azalpenak eskatu ditu. «Nahi dugu ikertzea eta azaltzea Urumeako eremu jakin horretan hegaztiak eta arrainak zergatik hiltzen diren. Espero dugu azalpenak sinesgarriak izatea eta arrazoiak argitu arte orrialderik ez pasatzea».

Bestalde, Eguzki taldeak beste hainbat salaketa egin ditu azken asteotan ere. Zehazki, Urola ibaira odola isuri izatea salatu dute elkartekoek: «Itxura guztien arabera, isurkina odola da, Urkaiko hiltegitik botatakoa». Horrekin, taldeak aipatu du odolak ibaiko ekosistema kutsatu eta arriskuan jartzen duela. Gertakarien berri eman zion URAri, eta, horrez gain, gertatutakoa argitze aldera, erakundeak ikerketa bat jarri zuen martxan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!