Enaitz Goñi gailendu zen Irlako Zeharkaldian

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 30a, 00:00

Enaitz Goñi eta Sergio Nieto.

Sailkapen nagusian, Peru Alfaro izan zen 3garrena eta Luis Goñi 4garrena. Nesketan, Itsaso Tolosa izan zen 5garrena.

Irlako 23garren Igeriketa Zeharkaldia Enaitz Goñik Irabazi zuen Donostiako Kontxako hondartzan. Donostiako Atletikoak antolatzen du eta pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, ekitaldiak 300 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen, haurrak zein helduak.
Helduek 3.000 metroko distantzia izan zuten, eta Enaitz Goñik 37 minutu eta 22 segundo behar izan zituen zeharkaldia amaitzeko. Segundo gutxira heldu zen Sergio Nieto errioxarra eta hirugarren eta laugarren beste bi hernaniar sailkatu ziren: Peru Alfaro (38:11) eta Luis Goñi (38:55).

Nahiz eta irabazi, Goñik sentsazio gazi-gozoekin amaitu zuen: «Piraguaren atzetik alde batetik bestera egin dut ibilbidea. Zuzen igeri egin beharrean, zeharo oker aritu naiz piraguak ibilbidea egoki egingo zuenaren ustean». Hala ere, garaipena kontrolpean izan zuen. 

Paseo Berriko garaipenaren ondoren, bigarrena jarraian lortu du Astigarragan bizi den igerilariak. Zehazki, bi zeharkalditan egin du igerian, eta aurredenboraldi gisa, prestakuntza bezala erabili ditu. 

Nesketan, berriz, itsaso Tolosa hernaniarrak bosgarren amaitu zuen (44:41). Bailarako igerilarien partaidetza ezin hobea izan zen. Arrakastatsua da oso lehenengo lau postuetan hiru igerilari sartzea eta nesketan ere lehenengo bosten artean bat sailkatzea. Bailarako bederatzi igerilarik hartu zuten parte nagusietan eta hiruk txikien zeharkaldian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!