Urriza da aurreneko finalista, eta finalerdian ariko da Barrenetxea

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 29a, 00:00

Javier Urriza eta Aritz Juanenea, larunbatean. Argazkia: Maialen Andres

Iruindarrak 30-23 menderatu zuen Juanenea, eta horri esker egin du aurrera hernaniarrak.

Buruz Buruko Txapelketaren finalerdian ariko da Endika Barrenetxea hernaniarra, Imanol Ansaren kontra. Ostegunean urnietarraren kontra galdu ondoren, Barrenetxeak behar zuen Javier Urrizak irabaztea, Aritz Juanenearen kontra, ligaxkako azkeneko partiduan; eta pronostikoak bete zituen iruindarrak: 30-23 menderatu zuen saldiastarra, larunbatean.

Hori horrela, Urriza da Buruz Burukoaren aurreneko finalista, ligaxkako hiru partiduak irabazita; eta Barrenetxeak egin du aurrera, finalerdian Ansaren kontra aritzeko. Juanenea geratu da txapelketatik kanpo.

Ez zen erritmo biziko partidua izan, ligaxkako azkenekoa. Markagailuan berdinduta izan ziren hasieratik, eta 11-8 zirela, Urrizaren sake batek Juanenearen besoa jo zuen. Aldageletara sartu-irtena egin zuen saldiastarrak, eta besoan ubeldua zuela bueltatu zen, baina ez zitzaion jokoan nabaritu, indarrez jarraitu baitzuen pelota jotzen. Lauzpabost tantoren aldea lortu zuen iruindarrak, eztabaida sortu zuten tanto batzuk tartean, Juanenea epailearekin bat ez zetorrela eta. 20-15 zirela, partidua hautsi zuen Urrizak, bost tanto segidan eginda; baina orduan, tiroi txiki bat izan zuen hankean. Gehiegi ez behartzeko saiakeran, gerturatu egin zitzaion Juanenea, baina iruindarraren garaipena arriskuan jarri gabe.

Datorren larunbatean, irailaren 3an, jokatuko dute semifinala Barrenetxeak eta Ansak, 15:30etan hasiko den jaialdian. Eta herenegun ere, elkarren kontra aritu ziren, binaka: hernaniarrak irabazi zuen, Segurolarekin batera, urnietarraren eta Larrañagaren kontra (30-24). Jaialdiko hirugarren partiduan, berriz, Oier Apezetxea goizuetarrak jokatu zuen, Ander Goikoetxea urnietarrarekin batera; eta 31-40 galdu zuen, Aitor Zaldua donostiarraren eta Ibai Martirena lekunberritarraren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!