Kanal alternatibo bat eraikiko du Añarbek, Lastaolako zentraletik Petritegiko estaziora

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 29a, 00:00

Kanal alternatiboa izango denaren eta egungo Beheko Kanalaren planoa.

Obra egiteko hitzarmena sinatu dute Añarbek eta Acuaesek, eta helburua da «Añarbeko mankomunitatea osatzen duten 10 udalerrietako ur-hornidura sistema hobetzea, Beheko Kanalaren ordezko kanal berri bat eraikiz».

Beheko Kanalaren ur-bide alternatibo bat eraikiko du Añarbek, Lastaolako zentral hidroelektriko zaharretik, Petritegiko edateko uren tratamendurako estaziora. Horretarako, hitzarmena sinatu zuten Añarbeko Urakek eta ACUAESek (Aguas de las Cuencas de España), bere bi ordezkari nagusien eskutik: Jaione Hervás, Añarbeko presidentea; eta Maria Rosa Cobo, ACUAESeko zuzendari nagusia. Petritegiko estazioan bertan egin zuten ekitaldia, kanal alternatiboa eraikitzeko lankidetza-hitzarmena sinatzeko.

Añarbeko Urakek nabarmendu du, «garrantzi haundikoa» dela kanal alternatibo hori egitea, «Mankomunitateko hornidura-sistemak aspalditik duen kalteberatasuna ezabatzeko». Hori izango da obraren helburua, azaldu dutenez: «Añarbeko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ur-hornidura sistema hobetzea, 1958 urtean martxan jarri zenetik etenaldirik gabe funtzionamenduan dagoen Beheko Kanalaren ordezko ur-eroanbide berri bat eraikiz».

Hori horrela, ponpaketa estazio berri bat eraikiko dute Urumea ibaian, dagoeneko erabiltzen ez den Lastaolako zentral hidroelektrikoa dagoen tokian. Eta bertatik, kanal berri bat eraikiko dute, Petritegiko estaziora iritsiko dena. Kanal berria eraikita, egungo Beheko Kanalean «arazorik edo etenaldirik» izango balitz, Urumea ibaira isuriko lituzkete hornidurarako ur-emariak, Añarbeko presatik; eta ponpaketa estazio berri horrek xurgatuko lituzke, ibaian 15,7 kilometro beherago, Petritegiko tratamendu estaziora bideratzeko.

«Alternatiba hau eraikita dagoenean, Añarberen eremuko biztanleen ur-hornidura bermatuta egongo da, egungo kanalak haustura edo etenaldirik sufrituz gero; eta posible izango da kanala pixkanaka birgaitzea eta modernizatzea, azpiegitura honek dituen ezegonkortasun arazoak eta emari-galerak konponduz, bitartean kanal berria erabilita», aurreratu du Añarbek.

Enpresa eta erakundeetako ordezkariak, Petritegiko estazioko ekitaldian.
 

2023ko aurreneko seihilekoan hasiko dira obrak, eta 2026an bukatzea espero dute

Añarbek eta ACUAESek hitzarmena sinatzea zen azkeneko pausoa, obren lizitazioa egin ahal izateko. Aurten egingo dute lizitazioa, eta 2023ko aurreneko seihilekoan hasiko dira obrak. 2026an bukatzea espero dute.

Inbertsioaren aurrekontua 36 milioi eurokoa da, eta %80a finantzatuko dute Europar Batasuneko Next Generation funtsaren bidez. Gainerako %20a Añarbeko Urakek jarriko du.

Jaione Hervásek, Añarbeko presidenteak, eskerrak eman zizkien osteguneko ekitaldian ACUAESeko zuzendari eta teknikariei, euren laguntzagatik. Eta azpimarratu zuen «erakundeen artean egin den lan garrantzitsua, proiektu hau errealitate bihurtzeko, finantzaketa bilatzeko prozesua benetan luzea eta neketsua izan baita». Maria Rosa Cobok, ACUAESeko zuzendari nagusiak, nabarmendu zuen lankidetza-hitzarmena sinatzea izan dela  «luzaroan espero izan den hornidurako alternatiba errealitate bihurtzeko behar zen behin betiko bultzada». Eta azaldu zuen, hemendik aurrerako erronka izango dela «Next Generation funtsak exijitzen dituen epeak betetzeko behar den arintasunez lan egitea; eta hori posible izango da, bi enpresetako teknikarien artean dagoen lankidetza ezin hobea ikusita».

Bi ordezkari nagusiekin batera, ekitaldian hartu zuten parte Hugo Morán Ingurumeneko Estatuko idazkariak, Eneko Goia Donostiako alkateak, eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Herrian duen ordezkariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!