«Udako bi edo hiru egunetan izan ezik, %100eko okupazioa izan dugu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 26a, 00:00
Aldagaia apartamentuak, Hernaniko Portu auzoan.

Uztailean, %48,7 izan da EAEko landa-ostatuen betetze-tasa. Sarrerak eta gaualdiak, berriz, %27,7 eta %19,6 igo dira, hurrenez hurren. 

Uda eta eguraldi ona heltzearekin batera, herritarrak etxetik ateratzeko eta ingurua ezagutzeko prest azaldu dira. Eustat-en arabera, pandemia aurreko datuak hobetu dira landetxeen, apartamentu-turistikoen eta hotelen betetze-mailari dagokionez. Urumea bailara ere horren erakusle izan da, zerbitzuak jendez bete baitira azken hilabete hauetan. «Oso pozik eta gustura gaude okupazioarekin», kontatu dute Hernaniko Arrobi Ostatuko zein Aldagaia apartamentu turistikoko ordezkariek. 

Arrobi Ostatua, Hernaniko Santa Barbara auzoan.
 

Zehatzak izateko, Eustatek argitaratutako datuen arabera, 2022ko uztailean 24.385 sarrera eta 72.040 gaualdi izan dituzte EAEko landa-ostatuek. Alegia, %27,7 eta %19,6 igo dira, hurrenez hurren, urte batetik bestera. 2019ko uztailarekin alderatuta, pandemia aurreko garaiarekin, 2.914 sarrera eta 7.578 gaualdi gehiago erregistratu dira.

Hernaniko Arrobi Ostatuan ere bisitarien kopuruak gora egin du uda honetan: «Aurten lan asko egin dugu, izugarri nabaritu da pandemia osteko garaia. Uztailean eta abuztuan izan da hazkundea, baina batez ere abuztuan. Izan ere, azken hilabete honetan dei ugari jaso ditugu». 

Horrekin batera, nabarmentzekoa da landetxeetan jende gehiago izan bada ere, denbora gutxiagoz izan dela. Zehazki, batez besteko egonaldia urtebetean jaitsi da 3,15 egunetik 2,95 egunera. Kasu honetan, 2019ko batez besteko egonaldiaren azpitik gelditu da zifra hori.

Apartamentu turistikoei begira, 2022ko uztailean, sarrerak eta gaualdiak 19.070 eta 60.449 izan dira, hurrenez hurren. Aurreko urteko uztailaren aldean, sarreren urte arteko hazkundea %76,7koa izan da eta gaualdiena, berriz, %54,8koa. 2019ko uztailarekin alderatuta, datuak ere gainditu dituzte apartamentu turistikoek: 8.126 sarrera eta 20.813 gaualdi gehiago erregistratu dira.

Horren haritik, «oso ondo ibili gara, ia topera», adierazi dute Aldagaia apartamentu turistikoko arduradunek. «Normalean, gure kasua hauxe izaten da uztailean eta abuztuan. Aurten ere, bi edo hiru egun kenduta, %100era izan dugu okupazioa». Dioenez, «koronabirusa medio, azken orduko anulazioak izan ditugu, baina, bestelakoan, ia-ia beteta izan ditugu apartamentuak. Abuztuan, Donostiako zerbitzuen prezioak oso garestiak izaten dira, eta jendeak inguruko herriak bilatzen ditu. Gainera, Hernanik oso kokapen ona dauka, eta hori lagungarria da guretzat». 

Apartamentu turistikoen egonaldiaren batez bestekoa 3,17 egunekoa izan da, 2021eko uztailekoa baino laburragoa izan da (3,62 egun). 

 

Zein da bidaiarien jatorria?

Aurtengo uztailean EAEko landa-ostatuetan erregistratutako sarreren %70,4 eta gaualdien %72,2 Estatukoak izan dira. Hala ere, aurreko hilabeteetan bezala, atzerritar jatorriko pertsonen sarrera eta gaualdien hazkundea bereziki esanguratsua izan da: 5.025 sarrera eta 14.425 gaualdi gehiago erregistratu dira aurreko urteko uztailean baino. 

Horixe bera ziurtatu dute Arrobi Ostatukoek ere: «Estatuko bisitariak, kanpotarrak… denetarik izan dugu. Gehienak espainiarrak izan dira, baina izan ditugu frantsesak, alemanak eta argentinarrak ere. Oraindik ere turistak ditugu: bi familia katalan, Madrilgo bisitariak, Donejakue bidea egiten ari direnak eta langileak». Azken horiei begira, gehitu dute urtean zehar, gehienbat, langileak izaten direla beraien «bezero nagusiak». Honako hauxe nabarmendu du horren harira: «Eta eskerrak momentu honetan ere hemen ditugun, iraila gainean dugu-eta, eta guk lanean jarraitu behar dugu!».

Aldagaia apartamentuen kasua ere azken hori izan da: «Normalean, euskaldunak ez dira etortzen udaran. Gehienbat, ranking-a egin behar izanez gero, aurten, izan dira Kataluniakoak, Madrilgoak eta Valentziakoak. Andaluziakoak ere izan dira, eta frantsesak ez gehiegi, baina etorri dira ere. Eta holandarrak ere izan ditugu. Ez dakit arrazoia zein den, agian, apartamentuen kultura hori dutelako han. Edozein kasutan, bertako bisitari dezente etorri dira hona»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!