Mundiala prestatzeko deia, Beñat Odriozolak

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 24a, 00:00

Beñat Odriozolak erronka ederrak ditu aurretik.

Munduko Arraun Txapelketa Txekian jokatuko da eta selekzio paralinpikoarekin parte hartu dezake.

Hernani Arraun Elkarteko Beñat Odriozola Aranburu arraunlariak, irailean, Txekiar errepublikan ospatuko den Munduko Arraun txapelketa prestatzeko, Espainiako selekzio paralinpikoaren deia jaso du. Datorren igandean, Sevillan kontzentratuko dira Mundiala prestatzeko. Azken deialdian sartzeko aukera dauka.

 

Jone Pastor, Nora Urbe, Garazi Arabiatorre, Miren Garmendia, eta Maider Pérez, Euskotren Ligara igo dira

Maialen trainerua denboraldi oso ona ari da osatzen, baina badira beste taldeetan ere hernaniarrak arraunean. Horrela, pasa den asteburuan, Euskotren Ligara igoera ziurtatu zuten Hondarribian dabiltzan Maider Pérez eta Miren Gamendia hernaniarrek eta Hibaikan dabiltzan Nora Urbe, Garazi Arabiatorre eta Jone Pastor herrikideek.

Azken honen anaiak, Xabat Pastorrek, Donostiarrarekin hirugarren postuan amaitu zuen Zarauzko Ikurriña, mutiletan. Iker Imaz hernaniarra eta Ander Balda astigartarra ere taldekideak dira Donostiako traineruan. Bestetik, Zarauzko Bandera eta Euskotren Liga irabazi ditu Eider Barbak, Oriorekin.

 

«Emaitzek taldea indartsu dagoela erakusten dute»

Asteburuko estropada azpimarragarrien harian, Maialen traineruaren entrenatzaileak, Alex Orenak, hausnarketa egin du: «Emaitzek taldea indartsu dagoela erakusten dute, eta lehiaketan erabat murgilduta gaudenez, falta diren estropadei begira %100 emateko asmoa dugu; borrokan jarraitzekoa, alegia. Gustora geratu ginen laugarren eta bosgarren postuekin, baldintza oso ezberdinetan arraun eginda gainera».

 

Bazkide kanpaina abian jarri du Hernanik eta zapiak eta banderak salgai, Joxe Mari, Gunea, Txantxilla eta Zinkoenean

Taldea animatu eta laguntzeko asmoz klubak Palada txiki askorekin, helburu handiak lortu ditzakegu! bazkide kanpaina jarri du martxan. Bazkide egin daiteke 30 euroren truke. Informazio gehiago, hernaniarrauna.com/egin-zaitez-bazkide webgunean lortu daiteke.

Zapiak eta banderak Maialen trainerua animatzeko eta bultzatzeko ere erosi daitezke. Maialen! zapiak 3 euroren truke erosi daitezke eta banderak 15 euroan, Gunea, Joxe Mari eta Zinkoenea tabernetan eta Txantxilla kafetegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!