Ekintzez jositako zazpi egunen ondoren, gaur amaituko da Donostiako Aste Nagusia

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 20a, 00:00
Züttik elektrotxaranga jai-giroan, Donostiako Alde Zaharrean.

Joan den larunbatean hasi zen Donostiako urteko aste garrantzitsuena. Makina bat egiteko izan da egunero, eta gaur agurtuko dute festa. Urumea bailarako herritar mordoa bertaratu da jaira kontzertu zein bestelako hitzorduetara, eta gaur dute horretarako azken aukera. 

Gaur amaituko da Donostiako Aste Nagusia, eta azken sei egunetan bezalaxe, hantxe izango dira Urumea bailarako herritar asko. Izan ere, Donostiako festak Gipuzkoako entzutetsuenak izaten dira, eta jende mordoa erakartzen dute egitarauko ekintzek. Aurten ere kultur-agenda zabala eskaini dute Donostiako Udalak zein Piratek, eta aspertzeko tarterik ez da izan aste osoan. Haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat prestatu dituzte saioak, eta, beraz, adin tarte guztietarako aukera izan da festa hauetan. 

Gaur, jaiak bere bidea jarraituko du goizetik hasita gauera arte. Aurreko egunetan bezalaxe, denetarik izango da gaurko karteleran. Kirol erakustaldiak, dantza, musika, antzerkia, zinea, eta beste asko izango dira eguneko protagonistak. Hori bai, gaur da festen azken txanpa eta, hortaz, donostiarren gaur agurtuko dute Aste Nagusia, datorren urtera arte. 

 

Bailarako taldeak eta artistak ere, Donostiako Aste Nagusian

Aste Nagusiko egitarauan parte hartu dute Urumea bailarako zenbait taldek eta norbanakok ere. Horietako bat izan da Züttik elektrotxaranga. «Zabaldu gara itsaso berrietara. Goizuetako eta Donostiako piratak. Ederra izan da egun hauetan bizitakoa. Gora antolakuntza herrikoia, izugarria izan da!», nabarmendu dute sare sozialetan (@zutik_elektrotxaranga). Musikari astigartarrez eta hernaniarrez osatutako taldea arrakasta ari da izaten uda honetan, atsedenik ez baitute izan apenas azken hilabeteotan. Jendetza bildu zuten Donostian, eta hiriko kaleak doinu alaiez bustiz, bertaratutako guztiak dantzan jartzea lortu zuten.

Bestalde, Ainhoa Larrañaga hernaniarrak ere utzi zuen bailarako arrastoa Donostiako festetan. Zehazki, joan den asteartean eskaini zuen kontzertua, Bulebarreko kioskoan. Jende mordoa erakarri zuen Larrañagak, eta gustura entzun zituzten artistaren azken kantuak.

Esanak esan, Udalak zein Donostiako Piratek prestatutako egitarauarekin, aisialdirako tarte paregabea izan da azken zazpi egunetan. Martxa hori hartuta, gaurkoan, jaiak ez du etenik izango, eta gauerdira arte dantzan eta jai-giroan egoteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.

Piraten egitaraua helduta, galdu ezineko ekitaldia izaten da urteroko bertso-saioa. Urtero betetzen da Trinitate plazan, punta-puntako bertsolariak entzuteko. Aurtengoan ere ez du hutsik egingo Maialen Lujanbio hernaniarrak, eta berarekin batera, gaur, arratsaldeko 17:00etan hasita, ariko dira bertsotan Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu eta Saio Alkiza. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Unai Gaztelumendi izango da. Ondoren, afaltzeko eta kontzertuez gozatzeko tartea ere izango da Trinitate plazan bertan.

 

 

DONOSTIA-ASTE NAGUSIA

GAUR

10:30-12:30 Piraguismoa, zeharkaldia Pasealeku Berritik eta Zurriolatik Pasaiako portuko sarreraraino.

11:00-14:00 Aste Nagusiko XV. Marmitako Lehiaketa, Gipuzkoa Plazan. 

11:00-14:00 Haurrentzako barrakak, Urdaneta kalean.

11:30-14:30 IV. “Donostia hiria» Aste Nagusia waterpolo-txapelketako finalak, Nautikoan. 

11:30-14:30 eta 15:30-20:30 Puzgarriak, Katalunia Plazan. 

12:00-13:00 Trikitilariak, San Martin merkatuan. 

13:30-14:30 Mirua taldearen kontzerta, Erizainen Plazan (Kursaaleko terrazak). 

15:00-17:00 Bela estropadaren zeharkaldia Kontxako badian, Pasealeku Berrian eta Zurriolan. Irteera Moila Berrian.

15:00-20:30 Waterpolo Donostia taldearen waterpolo-erakustaldia Nautiko inguruan. Parte-hartze irekia.

16:00-01:00 Haurrentzako barrakak Urdaneta kalean.

16:30-04:00 Barrakak Paseo Berrian. 

17:00-18:10 Tomaxen abenturak taldeak 'Bi ipuin' ikuskizuna aurkeztuko du, Katalunia Plazan. 

18:00-20:00 Erraldoiak eta buruhaundiak. Ibilbidea: abuztuaren 31, Nagusia, Hernani, Andia, Gipuzkoa plaza, Elkano, Boulevard, San Juan, Fermin Kalbeton, Narrika, abuztuaren 31tik Zuloaga plazaraino. 20:00etan, Agur Erraldoia Zuloaga plazan.

18:30-20:30 Antigua Band txaranga. Ibilbidea, Grosetik. 

18:30-20:30 Joselontxos txaranga. bilbidea Loiolako Erriberetan eta Amara Berriko kaleetatik. 

19:00-20:00 Eskulangintza Azoka. Agur ekitaldi sorpresa eta azokaren itxiera, Zuloaga Plazan. 

19:30-21:00 Harmonie Bayonnaise Musika Banda, Bulebarreko kioskoan. 

19:30-21:00 XXVII Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa, Egiako kiroldegian. 

20:00-21:00 Agur erraldoia, Zuloaga Plazan. Aurten ere, Erraldoien eta Buruhandien Itzurun Konpartsak Aste Nagusiari agur esango dio ekitaldi baten bitartez. 

20:00-21:00 Agur asteari, Konstituzio Plazan. Aurten ere, Unión Artesana Elkarteak Aste Nagusiari agur esango dio Konstituzio plazan.

20:00-21:00 Mirua taldearen kontzertua, Kursaaleko Erizainen Plazan. 

PIRATEN EGITARAUA

17:00 Bertso-saioa. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu, Saioa Alkiza. Gai-jartzailea: Unai Gaztelumendi. Trinitate plazan.

20:00 Afariak, Trinitate plazan.

23:05 Kontzertua: Rukula. Trinitate plazan.

23:05 Kontzertuak: Dupla, Alvva, Brava. Flamenkan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!