Ansa II.a eta Juanenea aurrez aurre, gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 19a, 00:00

16:30etan hasiko da jaialdia, eta arratsaldeko bigarrena izango da urniearraren eta saldiastarrarena.

Lehenengo jardunaldian galtzaile irten zirenen arteko partidua jokatuko da gaur, Kutxabank Torneoko ligaxkan. Bigarren jardunaldia irekiko dute Ansa II.ak eta Juaneneak, 17:30etan, Galarretan. Ansarentzat erabakiorragoa izango da gaurkoa, lehenengo jardunaldian ez zuelako punturik lortu. Juaneneak, ordea, bi puntu batu zituen Barrenetxearen kontra.

Partidu berdindua espero da oso maila antzekoa duten bi erremontisten artean. Ansak porrota jaso bazuen ere, estu hartu zuen Urriza eta aurretik ere joan zen markagailuan. Bere aldetik, Juaneneak ia-ia irabaztea lortu zuen, Barrenetxearen aurka 28-29koa izan zuenean.

Biek asko hobetu dute eta bi onenen parean edo gertu dauden pelotariak dira. Ansak gorriz jokatuko du, eta, irabazteko, peloteoan nagusitu beharko du. Izan ere, Juanenea fin-fin dabil. Atzelari lanetan jarri denetik, peloteoan nagusi izaten da, erreboteak ekartzen ikasi du eta sakearekin min haundia egin dezake.

Esanak esan, irabazleak aukera asko izango ditu finalerdietara sailkatzeko eta galtzaileari, berriz, zaila jarriko zaio sailkapena. Norgehiagoka ETBn eskainiko da, eta horrexegatik jokatuko da jardunaldi hau ostiralean eta hurrengoa larunbatean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!