Ekintza mordoa ari da izaten azken egunotan, Urumea bailaran. Jai-giroa da nagusi, eta egitarau zabalekin, aspertzeko tarterik ez da izango gaurkoan ere. Hain zuzen, San Roke eguna ospatuko dute Aranon eta Santiomendin, eta goizetik hasita arratsaldera arte izango dira egitekoak.
Santiomendik atzo hasi zituzten jaiak, Amabirjin egunarekin batera. Goizean goiz hasi zuten eguna dianarekin eta, ondoren, izan ziren tortila-lehiaketa eta sagardo-dastaketa, zaldi-dema, bazkaria Larrarte sagardotegian, sega eta aizkora desafioa, eta eguna ezin hobe amaitzeko, auzo afaria. Eguraldiak lagunduta, jende mordoa bildu zen hitzordu guztietan, eta egun ederra izan zuten guztiek.
Martxa hori hartuta, gaurkoan ere goizean irekiko da egitaraua. Santiomendin izango da meza, Astigar Dantza Taldearen ikuskizuna, bazkari herrikoia eta, bukatzeko, Alaiki taldearekin dantzaldia.
Aranon, egun polita izango da gaurkoa. Goizean, txistulariek esnatuko dute herria, 10:15etan hasita. Kontzentrazioa egingo dute plazan, eta ondoren abiatuko dira San Roke ermitara bidean. Bertan, harrera egingo diete mezara bertaratutakoei, txistuaren doinuarekin. Aranoko elizako kanpandorretik Meza Santua ospatu eta jaiaren hasiera iragarriko da kanpai hotsekin. Meza amaitzean, pikoteo-hamaiketakoa egingo dute ermita ondoan, txistu doinuek giroa alaituta. Bazkaldu aurretik, Xabier Narbarte Aranoko txistulariari omenaldia egingo diote Martzenea Etxean eta, gero, elkarrekin bazkalduko dute Kontzejupen. Jaia amaitzeko, Agur Jaunak eta Andreak izango dira.
ABUZTUAK 16, San Roke
ARANO
10:15 Txistularien kontzentrazioa Herriko Plazan.
10:30 Txistularien irteera San Roke ermitarantz eta harrera mezara bertaratutakoei txistuaren doinuarekin.
10:30 Aranoko elizako kanpandorretik Meza Santua eta jaiaren hasiera iragarriko dira, kanpai hotsekin.
11:00 Meza ermitan, santuaren omenez.
11:45 Meza amaitutakoan, pikoteo-hamaiketakoa ermita ondoan, txistulariek animatuta.
12:45 Xabier Narbarte Aranoko txistulariari omenaldia Martzenea Etxean. Duela hilabete batzuk hil zen eta hitzordu honetan parte hartzen zuen.
Ondoren, kalejira herrian zehar.
14:30 Herri bazkaria Kontzejupen.
18:00 Jaia amaitzeko, Agur Jaunak eta Andreak izango dira.
SANTIOMENDI
11:00 Meza.
12:00 Astigar elkarteko dantzarien emanaldia.
14:00 Bazkari herrikoia.
17:30 Alaiki taldearen dantzaldia.