Aste Nagusian gaurtik tren eta autobus zerbitzuak indartuko dira

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 13a, 00:00
Autobus zerbitzua indartuko da Aste Nagusian.

Lurraldebus eta Renfek gauetan autobus eta tren bereziak jarriko dituzte abuztuaren 21era arte.

Gaur lehertuko da kañoia Alderdi Ederren, eta astebeteko festa giroa zabalduko da Donostian. Aste Nagusian zehar ez dute gomendatzen hiriburura kotxez joatea, hortaz, autobus eta tren zerbitzu berezia eskainiko dute Lurraldebusek eta Renfek, gauean bueltatzeko eta su artifizialetara joan eta itzultzeko. 

Lurraldebusi dagokionez gaueko zerbitzu berezia, BU40G, gaueko 23:30etatik aurrera izango da ordubetero eta Okendotik irtengo da 05:30etara bitarte ostiral, larunbat eta jai egun bezperatan. Donostia, Astigarraga, Hernani, Urnieta, Andoain izango da ibilbidea.

Egunero 23:30etatik aurrera ohiko gaueko zerbitzuak eskainiko dira BU40Gan, astelehenenetik-ostegunera, 04:30ak arte bi zentzutan. 

Lanegunetan u artifizialetara joateko BU05 (Andoaingoa), BU11 (Aietekoa) eta BU13 (Astigarragakoa) zerbitzuak izango dira martxan. Andoaingoa 21:40etan irtengo da Andoaindik; Aietekoa 22:00etan Hernanitik; eta Astigarragakoa 21:45etan Hernanitik. Igande eta astelehenean BU13 autobusa 21:45etan irtengo da Hernanitik, baina gaur eta datorren larunbatean ez da egongo autobus berezirik. 

Suak ikustetik itzultzeko BU13 (Astigarragakoa) autobusa edota BU40G (gauekoa) hartu beharko dira. Okendo 18tik irtengo dira 23:10-00:00ak bitartean. 

Irteera lekuetan ere, aldaketa

Festetako jarduerak direla-eta, irteera lekuak ere moldatu behar izan dituzte. 21:30ak eta 00:00ak bitartean Okendo 10eko geltokian bertan behera geratuko da. Irteera lekuak ondokoak izango dira:  BU05 (Andoaingoa) Zubieta 42tik, BU11 (Aietekoa) Urbieta 38tik eta BU13 (Astigarragakoa) Okendo 18tik. 

Ondoren, 00:30etatik au­rre­ra, ohiko lekura bueltatuko da autobus geltokia, Okendo 18 kaleko geltokira, hain zuzen.

Renfek 72 tren berezi jaietan

Renfek gaueko 72 tren berezi eskainiko ditu jaietan. Konpainiaren ustez, tren berezi horiek erabat erabiliz gero, 24.000 ibilgailu pribatu ingururen zirkulazioa saihestuko litzateke. Renfe Aldiriak enpresak jakinarazi zuenez, gaur gauetik abuztuaren 21eko igande goizaldera arte antolatu du gaueko trenen dispositibo berezi hau.

Aldiriko trenak gauero egongo dira martxan jai astean zehar.
Renferen errefortzuen helburua, batez ere, «goizaldean gazte asko iristea eta itzultzea erraztea da, eta, aldi berean, trenak horrelako joan-etorrietan ematen duen segurtasuna bermatzea», konpainiak komunikatu batean nabarmendu duenez.

Gaineratu duenez, «helburua da Gipuzkoako beste udalerri batzuetatik datozen bidaiari guztiak Donostiara eta Donostiatik trenez joan ahal izatea jaiez gozatzera». Jaiak igarotzen diren zortzi egunetan, egunero (23:40tik 05:20ra) gaueko tren bereziak egongo dira Donostiatik Tolosara eta Irunera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!