Xabier Mikel Azparren bihar, Europakoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 13a, 00:00

Xabier Mikel Azparrenek bihar Munichen du lasterketa.

Espainiako selekzioarekin hartuko du parte astigartarrak, Munichen, bihar goizean.

Xabier Mikel Azparren astigartarra bihar igandean Europako Errepideko Txirrindularitza Txapelketan parte hartuko duten Estatuko zortzi txirrindularien artean dago. Munichen ia ibilbide laua izango dute txirrindulariek, esprinta iristeko aproposa. Espainiako hautatzaileak, Pascual Momparlerrek, honako hauxe azaldu zuen Espainiako Federazioak ohar batean: «txirrindulari indartsuez osatutako taldea osatu du, errodatzeko gaitasun ona eta abiadura haundia duena ohorezko postuengatik borrokatzen saiatzeko, gehienbat ibilbide laua eta esprinta erabakitzeko aproposa izango den txapelketa batean».

Ivan Garcia Cortina, Jon Aberasturi, Oier Lazkano, Xabier Mikel Azparren, Jonathan Lastra, David González, Jorge Arcas eta Manuel Peñalver izango dira lineako proban parte hartuko duten zortzi espainiarrak taldea osatuz.

Gainera, Lazkanok, denboraldi honetan espezialitateko Espainiako azpitxapelduna lortu ondoren, Espainiako konbinatua ordezkatuko du abuztuaren 17an, asteazkena, egingo den erlojupeko proban. Azparrenek aukera zuen bertan egoteko, baina hautatzaileak nahiago izan du astigartarra lineako proban kontzentraturik egotea % 100ean.

Lasterketa bihar hasiko da, 10:15etan, eta 15:30etan amaitzea aurreikusten da. 209 kilometroko ibilbidea izango dute parte-hartzaileek, baita 13 kilometroko azken zirkuitua ere, eta bost itzuli emango dizkiote.

Hasierako zatiak, federazioaren analisiaren arabera, «ihesaldia eratzen edo ezartzen lagun lezaketen kota pare bat barne hartzen ditu, baina ez lukete tropelaren kontrola aldatu behar, iritsiera masibo baterako mesedegarritzat jotzen den proba baten gainean».

Lasterketa telebistaz Teledeporten ikusi daiteke eta internet bidez rtveplay webgunean.

 

Aragoi Behereko Itzulitik, bueltan Otegi eta Capdequi

Emaitzak, itxura batean behintzat, ikusgarriak izan ez arren, oso gustura itzuli dira Donostialdea Bizikletan taldeko txirrindulari kadeteak eta haien zuzendari eta laguntzaile teknikoak Donostialdera, Aragoi Behereko Itzulian lehiatzen emandako bost egunen ondoren. Nazioarteko proba da, lau etapan lehiatua eta maila handikoa.

Unax Otegi hernaniarrak 61garren postuan amaitu zuen (+13:05) itzulia eta Aimar Capdequi astigartarrak, berriz, 91garren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!