Barrenetxeak Juanenearen aurka hasiko du gaur, txapelaren defentsa

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 11a, 00:00
Barrenetxea eta Juaneneak Masterreko finalerdia jokatu zuten otsailean.

Banakako Txapelketako ligaxkaren lehenengo partidua izango da, 17:30etatik, aurrera.

Endika Barrenetxeak gaur hasiko du pasa den urteko txapelaren defentsa Banakako Kutxabank Torneoan. Aritz Juanenearen aurka jokatuko du, 17:30etatik aurrera, azken ligaxkaren lehenengo partiduan. 

Ongi hastea garrantzitsua da, eta azken bi urteetako txapelketak horren erakusgarri dira. 2019ko txapela eta gero, Barrenetxeak 2020ko txapelketa Juanenea beraren aurka hasi eta 30-21 galdu zuen. Urte horretan ez zen finalerdietara ere sailkatu eta ligaxkan kanporatu zen atzelari hernaniarra. Pasa den urtean, aldiz, ongi hasi zuen ligaxka eta, gero, txapela lortu zuen. 2021ean Juananea beraren aurka hasi zuen txapelketa eta orduan erraz, 30-12, garaitu zuen Saldiasko erremontista.

Hirugarren urtez jarraian partidu berarekin hasiko dute euren ibilbidea. Hala ere, partiduaren atarikoa ezberdina da. Hasteko, Juanenea gaur egun ez da aurrelaria, atzelari bezala hasi da jokatzen eta profesionala denetik sasoirik onenean aurkitzen da. Banaka jokatzeko beti izan ditu gaitasun haundiak eta, gainera, atzelari denetik arma gehiago ditu. Orain, sakearekin min haundiagoa egiten du eta errebotean sendoagoa da. Erremontista arriskutsuagoa da.

Nahiz eta aurkari gogor bat izan aurrean, Barrenetxea faborito da partidua irabazteko. 2019an eta 2021ean txapeldun irten zen eta, 2020an eta 2022an, Masterseko garaipena ere lortu zuen. Gainera, azken txapelketa honetan Juanenea gainditu zuen finalerdian 30-14. 

 

Galdu arren, tanteoa garrantzitsua da

Nahiz eta partidua ez irabazi, ahalik eta tanto gehien egitea garrantzitsua izango da ligaxkan. Irabazleak lau puntu lortzen ditu, 27-29 tanto artean geratzean bi puntu lortzen dira, 24-26 tanto artean egitean puntua eskuratzen da, 17-23 tanto artean ez da punturik batzen eta 16 tantotik behera puntu negatiboa izaten dute erremontistek sailkapenerako.

Ligaxka berdindua espero da eta berdinketak egon daitezke. Lehenengo sailkatua zuzenean pasatzen da finalera, bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute eta azken sailkatua kanporatua izango da.

Bigarren partidua larunbatean izango da Urriza eta Ansaren artean. Aurretik, gaur 16:30etan hasita, hiru partiduz osatutako jaialdia dago iragarrita. Aipaturiko partiduaz gain, Ansa II-Martirena bikoteak, Ezkurra II-Larrañagaren aurka jokatuko du jaialdiko hirugarren partiduan. Jaialdia Urrutia II-Labaka eta Zaldua II-Odeik irekiko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!