Aranok San Roke jaia ospatuko du asteartean txistuaren erritmora

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 10a, 00:00
Xabier Narbarte apirilean hil zen eta Aranon omenduko dute.

Aurtengo apirilaren 12an Bartzelonan hil zen Xabier Narbarte Petrikorena txistulari aranoarra omenduko da. Jai hau berreskuratzen aitzindarietako bat zen eta urtero Bartzelonatik etortzen zen egun honetan.

Aurten ere, tradizioari jarraituz, Arano herriak San Roke jai eguna ospatuko du datorren asteartean, abuztuaren 16an. Ohitura den bezala, santua gurtzen duen ehun urtetik gorako ermita txiki geratuko da, inguruko herrietatik Meza Santura joaten den jende guztia hartzeko.

San Roke egunean txistuaren presentzia Aranon, Antsorena eta Zubillaga txistulari hernaniarrak Hernanitik oinez joaten zirenetik dator.
Urte askotan txisturik gabe egon ondoren, 1970garren urtean Antonio Intxausti
Txobito txistulari hernaniarra izan zen ohiturari berriro heldu ziona, Joxan Ruizen laguntzarekin. Hernaniko txistulari gazteekin batera hasi zen.

Urte gutxi batzuk geroago Xabier Narbarte txistulari aranoarra batu zen. Urteekin txistulari kopurua haundituz joan zen eta urtez urte toki desberdinetako txistulariak etortzen dira jai honetan parte hartzera.

Aurten Hernaniko, Goizuetako, Leitzako, Andoaingo, Elorrioko, Zarauzko, Bartzelonako, Pasaiako, Lekeitioko, Aresoko, Iruñako eta abarretako txistulariek euren presentzia baieztatu dute, egun honi alaitasuna eta musika ezarriz.
14:30etan, herri bazkaria egingo da Kontsejupe jatetxean. Parte hartu nahi duenak Aranoko Kotnsejupe jatetxera deitu beharko du izena emateko.

  

Santiomendik ere, jaiak

Astigarragan ere, datorren astelehenean eta asteartean, hilaren 15ean eta 16an, ospatuko dira San Roke jaiak. Hainbat ekintza izango dira Santiomendiko ermitan, eta salgai jarri dituzte dagoeneko astearterako bazkari herrikoirako txartelak. Ikatzan eskura daitezke, eta salgai egongo dira guztiak agortu arte. Helduenak 25 euro balio ditu, eta bazkalduko dute iberikoa, entsalada mixta, atuna parrillan, txerri saiheskia, postrea, sagardoa, kafea eta garagardoa. Haurrenak, berriz, 10 euroan eskuratu ahal izango dira, eta umeek bazkalduko dituzte kroketak, baserriko oilaskoa patatekin eta izozkia.

Hala ere, aurretik, astelehenean, 09:00­e­tan hasiko dute festa dianarekin. Goizak aurrera egin ahala girotuz joango da auzoa. 11:30e­tan izango da ohiko tortilla txapelketa. Sagardo dastatzearekin batera, bertaratzen diren guztiek jan ahal izango dituzte tortila pin­txoak, beranduxeago.

Bitartean, zaldiak presta­tzen hasiko dira, zaldi demarako; eta 12:00etan hasiko da ikus­kizuna.

Auzotar guztiak bilduko dira, gero, mahaiaren bueltan, auzoko bazkarian, eta herri kirolek girotuko dute bazkalostea, 18:00etan ha­sita. Aurten gainera desafio ikusgarria prestatu da. Julen Gabirondok eta Jokin Urretabizkaia 'Basozabal'ek neurtuko dituzte indarrak sega eta aizkora desafioan.

Baina auzoko festak ez dira bertan bukatuko; izan ere, asteartean, ermitan izango da giro aparta. Santiomendiko pun­tan ospatuko dute, beste behin, San Roke eguna.

Meza izango da aurrena, 11:00etan, eta elizkizuneko irteera Astigar dantza taldeko neska-mutilek alaituko dute.

SAN ROKE JAIA

ARANO

ABUZTUAK 16

10:15 Txistularien kontzentrazioa Herriko Plazan.

10:30 Txistularien irteera San Roke ermitarantz eta harrera mezara bertaratutakoei txistuaren doinuarekin.

10:30 Aranoko elizako kanpandorretik Meza Santua eta jaiaren hasiera iragarriko dira, kanpai hotsekin.

11:00 Meza ermitan, santuaren omenez.

11:45 Meza amaitutakoan, pikoteo-Hamaiketakoa ermita ondoan, txistulariek animatuta.

12:45 Xabier Narbarte Aranoko txistulariari omenaldia Martzenea Etxean. Duela hilabete batzuk hil zen eta hitzordu honetan parte hartzen zuen. Ondoren kalejira herrian zehar.

14:30 Herri bazkaria Aranoko Kontsejupen.

18:00 Jaia amaitzeko, Agur Jaunak eta Andreak izango dira.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!