Mobilizazioa euskal hondartzetan, igandean

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 5a, 00:00
Buruntzaldeako herritarrak Orioko hondartzan, elkarretaratzean.

Buruntzaldeako herriei Oriora joatea egokitu zaie. Hernanitik, 11:00etan abiatzeko deialdia luzatu dute.

Deialdia egin du Etxerat Elkarteak etzirako, iganderako. Euskal hondartzertan mobilizatuko dira, «eskubideen urraketak gainditzeko». Honako hauxe azpimarratu dute deialdian: «beste uda batez, eta hala egiten dugu oraindik ere beharrezkoa delako euskal gizartea aktibatzea, behin betiko amaitu daitezen Espainiako eta Frantziako estatuak oraindik aktibo dituzten presoen aurkako salbuespen-neurriak».

Mobilizazioak 12:00etan hasiko dira eta Buruntzaldeari Orioko hondartza egokitu zaio. Horrela, Hernaniko presoen eta iheslarien senideek eta lagunek Oriora elkarrekin joateko proposamena luzatu dute. Goizeko 11:00etan abiatuko dira Etxerateko lokaletik (Aristizabal 5).

«Hiru hamarkada baino gehiago izan dira ezohiko erregimenean, isolamenduan, presoak sistematikoki eta orokorrean urruntzen, eta salbuespen horren biktima izan gara senideak ere; sufrimendua, gastu ekonomiko handia, ehunka zauritu eta 16 pertsona hil baitira dispertsioaren erruz», salatu dute prentsaurrekoan.

«Egoera nabarmen hobetu da: 180 preso horietatik 110 euskal espetxeetan daude, eta, behar baino askoz ere gutxiago badira ere, hirugarren graduan ari dira aurrera egiten. Hala ere, ez da nahikoa eta premiazkoa da egoera honekin amaitzea. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 preso berehala aske utzi behar dira, 70 urtetik gorako 7 euskal presoak eta 65 urtetik gorako beste 10 euskal presoak bezala». Nolanahi ere, diote, «ezin dugu beste hiru hamarkada itxaron blokeoak eta eskubideen urraketak gainditzeko».

Hori horrela, herritar guztiei elkarretaratzera batzeko deia luzatu diete. «Euskal hondartzetako mobilizazio eta Sarek abuztuan hiriburuetan deitu dituen hurrengoak azkenak izatea nahi dugu. Horrek esan nahiko baitu amaiera emango zaiola salbuespenari, presoak eta erbesteratuak Euskal Herrian eta etxean egongo direla, eta, beraz, benetan murgilduko garela konponbidearen eta bizikidetzaren ziklo berri horretan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!