Zarautz Erremonte Txapelketa berria Aritzbatalden, gaurtik igandera

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 29a, 00:00
Zarautzen izan ziren asteazkenean, erremontistak

Gaurtik etzira arte jokatuko da Zarautz Erremonte Txapelketa, eta arratsaldeko 17:30etatik aurrera hasiko dira partiduak. 

Asteazkenean, Zarautz Erremonte Txapelketa aurkeztu zen Zarauzko Udalean. Frontoi txikiagoan jokatuko den txapelketa berria izango da, eta gaurtik igandera arte daude iragarrita partiduak, Aritzbatalde frontoian, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. 

Hiru egun hauetan, bi txapel jarriko dira jokoan. Batetik, A multzoko txapelketa nagusia izango da, erremontista onenekin, eta bestetik,  B taldekoa. Bi multzotan launa bikote ariko dira, finalera bina sailkatuko dira eta bi bikote izango dira txapelketako txapeldunak. 

A eta B multzoetan finalerdi bana jokatuko dira gaur. Beste bi finalerdiak, berriz, larunbatean jokatuko dira, eta bi finalak etzi, igandean. Gaur, beraz, A multzoan, Aldabe eta Barrenetxea IV, Ansa II eta Azpirozen aurka ariko dira. B multzoan, Zalduak eta Martiarenak, Etxerri eta Labakaren aurka jokatuko dute. Bihar, A multzoan, Urriza eta Zubirik, Ezkurra II eta Juanenearen aurka neurtuko dituzte indarrak, eta B multzoan berriz, Goikoetxea Vak eta Odeiek, Loitegik eta Apezetxea izango dituzte aurrez aurre. A multzoko txapelketa erakargarriena izango dela ziurtatu zuten asteazkeneko aurkezpenean: «erremontista nagusiak bertan lehiatuko baitira. Barrenetxea, Urriza, Ansa edota Ezkurra II bezalako pilotariak ikusteko aukera ezin hobea izango da».

Jaialdi guztiak, arratsaldeetan 

Zarautz Erremonte Txapelketako partidu guztiak, gaurtik igandera arte, 17:30etatik aurrera hasiko dira, aipatu moduan, Arizbatalde frontoian. Eta aurkezpenean, izan ziren txapelketan parte hartuko duten pelotariak, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, eta Oriamendiko gerentea, Xabier Gonzalez. Azken honen esanetan: «eskerrak eman nahi dizkiogu Zarauzko herriari. Gure helburua erremontea zabaltzea da eta txapelketa hau oso garrantzitsua da guretzat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!