Buruz Buruko Txapelketatik kanpo geratu da Aritz Zubiri goizuetarra

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 26a, 00:00

Xabier Azpirozen kontra galdu zuen prebia (17-30). Beste kanporaketan, Josetxo Ezkurrak menderatu zuen Ander Goikoetxea (30-15).

Buruz Buruko Txapelketako prebien hirugarren fasea jokatu zuten larunbatean, Galarreta frontoian; eta txapelketan aritzeko txartela zeukan jokoan, Aritz Zubiri goizuetarrak. Kontrario gogorra zeukan aurrean, ordea, eta ezin izan zuen aurrera egin: 17-30 galdu zuen, Xabier Azpiroz uitziarraren kontra. 

Nahiko parekatua izan zen hasiera, eta berdinduta izan ziren markagailuan ere, 11-13kora arte. Hortik aurrera, ordea, erritmoa bizitu zuen Azpirozek, eta hautsi egin zuen partidua, alde haundiak lortuta: 12-19 eta 15-25. Gogotik saiatu zen Zubiri, eta bukaerara arte borrokatu zuen, baina maila haundiagoa erakutsi zuen Azpirozek, defentsan oso seguru eta pelota bizi jotzen: sei tanto egin zituen sakez, beste 20 jokoan, eta soilik bi akats. Zubirik, berriz, hiru tanto egin zituen sakez, 12 jokoan, eta lau akats.

Buruz Burukoaren beste prebian, Josetxo Ezkurra doneztebarra nagusitu zen, Ander Goikoetxea urnietarraren kontra (30-15). Berdinduta hasi zen partidu hori ere, baina seina jarri ziren arte iraun zuen parekotasunak. Hortik aurrera, guztiz egin zuen ihes Ezkurrak, eta 22-9 jarri zen aurretik. Abilezia haundia dauka doneztabarrak buruz buru aritzeko, eta ezerezean utzi zituen urnietarraren borroka eta lana.

Hori horrela, txapelketan aurrera egin dute Ezkurrak eta Azpirozek, behe-behetik hasi eta beraien hirugarren prebia irabazita.

Larunbateko jaialdian, binakako partidu bat ere jokatu zuten Galarretan. Segurola eta Juanenea aritu ziren, Aldaberen eta Martirenaren kontra; eta partidu ederra jokatu zuten. Maila haundian aritu ziren lauak, pelotari sekulako abiadura emanez, eta tanto ikusgarriak jokatuz. 40-38 nagusitu ziren Segurola eta Juanenea, azkenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!