Zikuñaga Papelerako semifinala gaur, Cisnerosek eta Lizeaga anaiek

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 26a, 00:00

Eñaut Lizeaga astigartarrak jokatuko du semifinaletako bat, Ekain anaiarekin.

Nagusien mailako semifinal banatan ariko dira astigartarrak eta hernaniarra, 18:00etan Hernaniko frontoian.

Fase erabakigarrian sartu da Zikuñaga Papelera Torneoa, Hernaniko kiroldegiko frontoian jokatzen ari dena. Atzo arratsaldean hasi zituzten semifinalak, hiru partidu jokatuta: kadete mailako biak, eta jubeniletako bat. Ez zen bailarako esku pelotaririk izan horietan; bai, ordea, gaur jokatuko diren hiruetan, arratsaldeko 18:00etan hasita: Ekaitz Cisneros hernaniarra, eta Eñaut eta Ekain Lizeaga astigartarrak.

Nagusien mailako semifinal bana jokatuko dute haiek. Cisnerosek Larraungo Lazkozekin batera jokatuko du, eta aurrez aurre izango dituzte Tolosako Ezenarro eta Lapkeko Mitxelena. Lizeaga anaiek, berriz, elkarrekin jokatuko dute beste semifinala, eta kontrario izango dituzte Irurtzungo Armendariz eta Lapkeko Azkarraga.

Nagusien bi semifinalen aurretik, jubenil mailakoa jokatuko dute. Horretan, Aretxabaletako Barandiaran eta Uribetxeberria ariko dira, Tolosako Iraetaren eta Zazpi Iturriko Balerdiren kontra. Jubenilen beste semifinala, atzo arratsaldean jokatu zuten Zazpi Iturriko Gorostidik eta Plazaolak, eta Lapkeko Kerejetak eta Erauskinek. Eta kadete mailako bi semifinaletan, honako bikoteak aritu ziren: aurrenekoan, Ilunpeko Azkue eta Azpiazu, eta Oiarpeko Etxeberria eta Hebia; eta bigarrenean, Bergarako Ormaetxea eta Alberdi, eta Añorgako Arruti eta Behar Zanako Aranburu.

Semifinal gehiago jokatuko dira datozen egunetan ere. Bihar arratsaldean, esaterako, beste hiru jokatuko dituzte, 18:00etan hasita. Aurrenekoan, kadete mailan, Xuban Iturbe hernaniarrak eta Oihan Legarreta aranoarrak jokatuko dute, Lapkeko Kerejetaren eta Igoaren kontra. Ondoren, jubeniletan, Azkoitiko Etxaniz eta Juaristi ariko dira, Aloña Mendiko Etxegarairen eta Zazpi Iturriko Mujikaren kontra. Eta nagusietan, azkenik, Mikel Lasa hernaniarrak jokatuko du, Intxurreko Oiarbiderekin batera. Aurrez aurre izango dituzte Beti Onak taldeko Tirado eta Alde Zaharrako Huegun

Markel Lizeaga eta Eneko Labaka, Zuloaga Txapelketa irabazi berritan.

Markel Lizeaga hernaniarrak txapela, Errenterian

Bestalde, joan den ostiralean jokatu zituzten Zuloaga Txapelketaren finalak, Errenteriako Agustina Otaola frontoian; eta elite mailakoan aritu zen Markel Lizeaga hernaniarra. Eneko Labaka tolosarrarekin batera aritu zen, eta partidu haundia jokatuta, txapela jantzi zuten: 22-14 nagusitu ziren, Epleko Etxezarretaren eta Lapkeko Garmendiaren kontra.

Ez zen partidu erraza izan, hernaniarrarentzat: min hartu zuen bederatzigarren tantoan, tiroi txiki bat izanda. Lesioak baldintzatu zuen partidua, baina bukaerara arte sufritzen jakin zuen Lizeagak, eta bikotekidearen lan bikainarekin batera, final zaila irabaztea lortu zuten.

Arano nagusi Santiotan, Goizuetaren kontrako lehian

Errenteriako Madalen Jaien barruan jokatu zuen finala Markel Lizeagak, eta beste festa batzuetan aritu zen atzo eguerdian, baina giro ezberdinean. Arano eta Goizuetaren arteko lehia klasikoa izan zuen jokoan, Aranoko Santio Jaietan. Aranoren izenean aritu zen bera, Egoitz Olaizolarekin batera; eta 22-18 menderatu zituzten goizuetarren ordezkari­ak, Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea, partidu ikusgarrian.

Aurretik, kadeteen partiduan, Oihan Legarreta aranoarra eta Mikel Leonet hernaniarra na­gu­situ ziren, Xuban Iturbe hernaniarraren eta Egoitz Elizegi goizuetarraren kontra (22-19).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!