Azkeneko orduak bizi dituzte aurtengo Santio Jaiek, Urumea bailaran. Egun haundiarekin agurtu zituzten Aranokoak atzo; eta gaur bertan bukatuko dira Astigarragakoak, Santa Ana egunak jarriko dien erremate dotorearekin.
Euskal kirola eta euskal dantzak izan ziren protagonista nagusiak atzokoan, Santio egunez, Aranoko zein Astigarragako jaietan. Herri kirolak izan ziren bi herrietan, esku pelota partidurik ez zen falta izan Aranon, eta udalbatzaren soka dantza ez ezik, Astigar dantza taldearen emanaldia ere izan zen Astigarragan.
Bertakotik asko izango du gaurko menuak ere, Astigarragako Foru Plazan, festei agur esateko: Zubietako joaldunak, trikitilariak, sagardo dastaketa, idi dema zein aizkolari eta harrijasotzaileak arduratuko dira horretaz. Bereziki ikusgarria izango da aizkolarien saioa, Gipuzkoako bigarren mailako txapelketa izango baita jokoan, Basozabaleko Jokin Urretabizkaia tartean dela.
Gainerakoan, haurrek ere izango dute zerekin gozatua, arratsaldeko ur parkearekin bereziki; eta Martindegiko Laiotz taldeak jarriko dizkie azkeneko musika doinuak Santioei, emanaldi bikoitzarekin: bigarrena, zezensuzkoaren txinpartak itzaltzen direnetik gauerdira arte.