Denak, edo ia denak pozten dituen garaipen ederra lortu du Christophe Laporte-ek Cahors-en. Tour guztia Vingegaard eta Van Aertentzat morrontzan egin ostean taldeak askatasuna eman dion lehen aukera baliatu du Tourrean bere lehen etapa garaipena lortzeko. Jumbo-Visma taldearen bosgarren garaipena da, esan beharrik ere ez Tourreko talde onena izan dela
Laporte txirrindulari garailea zen Jumbo taldera iritsi aurretik. Bazekien zertara zihoan, garaipenak lortzeko aukera askoz urriagoa izango zela. Soldata mamitsu baten truke, segur aski. Tour bikaina egin du frantziarrak, lan itzela bere liderrentzat, eta askatasuna eman dioten lehen egunean, ttak, arrakasta. Kaosean argi printza ikusi du Laoortek. Bukaera nahasia zen, eta helmugatik gertu sortu diren haize-babesek ere esprinter azkarrenen taldeen kontrola zaildu dute. Maisuki mugitu da Laporte tarte horretan, bi kilometrora erasoa jo eta garaipena lortzeko.
Bihar erlojupekoa, 40 kilometro eta ibilbide bihurria, laugarren mailako bi aldapatxo bukaeran. Pogacarrek 5 segundo jan dizkio Vingegaard-i gaur, baina zer eginik ez du maillot horia lortzeko lehian. Top 5ean sartzeko dema izango da politena, Quintana, Meintjes eta Vlasov postu bakarraren bila.