2023ko egutegirako argazkiak hautatzeko lehiaketa, martxan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 23a, 00:00

Argazkiak aurkezteko epea urriak 21era arte izango da. Argazkiak Erribera kulturgunean entregatu edo astigarraga.kultura@gmail.com helbidera bidali daitezke. 

Astigarragako Udalak 2023ko egutegia osatuko duten argazkiak hautatzeko lehiaketa antolatu du. Astigarragako emakumeak eta komertzio txikia da aurtengo lehiaketako gaia. 

Egitasmoa Emakumeak eta Komertzio txikia proiektu orokorraren baitan kokatzen da, besteak beste, helburu duena balioan jartzea emakumeak historikoki eta gaur egun izandako papaera herriko merkataritza txikian. Hainbat ideia eta balio islatu nahi dira argazkiekin, eta beraz, argazkiak hautatzerakoan, honelakoak baloratuko dira: emakume merkatariak agertzea eta horiek profil ezberdinak islatzea, hau da, baserritarrak salmenta zuzenean, saltokietako mostradoreetan lanean, zerbitzuetako langileak; emakumeen arteko harremana jasotzea, enkargu lanetan adibidez; herri gunea bizia ikusaraztea; estereotipo sexistak saihesten dituzten irudiak izatea eta desberdintasun balioekiko irudia sustatzen dutenak; eta azkenik, herriko komertzioetan erosle zein erabiltzaile papera betetzen ari den emakumeak agertzea. 

 

Denera 12 finalista

Irabazlea, urtero moduan, 2023ko egutegiaren azalean agertuko da, eta 150 euroko erosketa bonoa jasoko du. Denera, 12 finalista izango dira, argazki bakoitza egutegiaren hilabeteetako batean agertuko da eta egileari argazkiko 80 euroko erosketa bonoa emango zaio, baina gehienez ere, 300 eurokoa. Erosketa bonoa 2022ko abenduaren 31 baino lehen Astigarragako kokatutako denda, jatetxe, zerbitzu edo enpresaren batean erabiltzeko izango da. 

Horrez gain, Udalak nabarmendu du, parte hartzaileak 14 urtetik gorakoa izan behar dutela, «jatorri mugarik gabe». Parte hartzaile bakoitzak, gehienez 5 argazki aurkeztu ditzake, «gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako guztiak baztertuko dira».

Argazkiaren formatuari dagokionez hainbat baldintza bete behar dituzte: etzanak izan behar dute, JPG formatuan eta 5 Mb eta 8 MB bitarteko pisuarekin, DIN-A4 neurrirako; Artxibo pertsonaletako garai bateko argazki zaharren kasuan, digitalizatuta aurkeztu beharko dira; USB batean, Erribera kulturgunera eraman edo astigarraga.kultura@gmail.com helbidera bidali liteke; lanak bidaltzeko mezu elektronikoan, edo USBan egilearen hainbat datu adierazi behar dira, hala nola, izen-abizenak, herria, telefono zenbakia eta adina, adin txikikoa izanez gero. Udalak jakinarazi du, mezu elektronikoa jaso izanaren baieztapena bidaliko dela, «hura jaso dela frogatzearren». 

Argazkiak aurkezteko epea urriak 21era arte izango da, eta epaimahaiaren erabakia eta sari banaketa azaroaren bigarren astean egingo dela aurreratu du Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!