Zenbat urte daramakizue Itxas Burun?
Bi urte dira Itxas Burun hasi ginenetik, azkar pasatzen da denbora.
Noiz itxiko duzue sagardotegia? Eta berriro ireki?
Uztailaren 31n itxi egiten dugu, eta urtarrilean irekiko dugu berriro. Hala ere, gu lehenagotik izango gara lanean, sagardoa egiten, baina Itxas Buru sagardotegiak urtarrilean irekiko ditu berriro ateak.
Udan zer da eskaini duzuena?
Asteburuetan, sagardotegietako menuaz gain, denboraldiko produktuekin egindako menuak eskaini ditugu, esaterako, tomate entsalada, gindillak, esparrago freskoak…
Zer moduzko harrera izan du sagardo monobarietalak?
Oso ona. Gainera sagardo berriak egiteko asmotan gabiltza. Bat monobarietala izan zen, eta datorren urteari begira saiatuko gara ateratzen bibarietala. Bi sagarrekin egindako sagardoa. Beraz datorren urtean, monobarietalaz gain, bibarietala ere eskaintzeko asmoa daukagu, sagardo hau da bi barietateko sagarrekin egina.
Zer moduzko uda eduki duzue?
Ona, asteburuetan jendea etorri da eta hori beti da eskertzekoa. Eguraldiarekin, eta terraza aprobetxatuz, jendea gustura egon da bai bazkaltzen eta baita afaltzen ere.
Ze publiko mota izaten duzue udan?
Udaran gehien bat familia giroa izaten da. Egia da asteburuetan jende gazteagoa etortzen dela, baina orokorrean, familia giro ederra egoten da.
Sagardoaz gain, zein zerbitzu eskaintze du Itxas Buruk?
Botiletako zerbitzua eskaintzen dugu, tabernei geuk ematen diegu sagardoa. Astean behar dutena, eta gero norbanakoak ere eskatzen digute, etxerako.
Zeintzuk dira lanaren alde onak eta alde txarrak?
Alde onak, beti ikaskuntza prozesu batean zaudela da. Niri behintzat gustatzen zait, egunero ikasten dut zerbait sagardoari buruz, urtez urte eguneratzen eta egokitzen joan behar zara, sagardo munduan bazabiltza.
Eta alde txarra, argi dago, asteburuetan lana egin behar izatea edo familiarekin denbora gutxi pasatzeko aukera.