Frantziako Tourra 2022

Pogacarren zain, podiumeko hirugarren koska eta Top 10a zehaztuko dira Pirinioetan; beroa, neurrian

Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 20a, 08:38

Lehen mailako sei mendate eta maila bereziko bi gainditu beharko ditu tropelak hurrengo hiru egunetan, 10.000 metroko desnibela atsedenik gabe; Vingegaard-Pogi dema dago, alde batetik, Top 10eko postuak bestetik

Jendea muga-mugan dago. Tourra oso gogorra izaten ari da aurten: 43 kilometro orduko batez-besteko abiadura, bero handia eta zigorra etapa guztietan, garaipenak inoiz baino garestiago daudelako. Carcassone-eko atseden eguna gustura hartu du tropelak, azken astean gorriak ikustekotan baitira asko. Bihar, etzi eta etzi damu Pirinioetako hiru etapak korrituko dira, bata bestearen atzetik. Gogortasuna, gainera, handitzen joango da egunetik egunera, eta osteguneko etapa izan bide da denetan gogorrena, gauza gehian argitu ditzakeena. Eguraldiari buruz apuntetxo bat, azken egunetako labeak tenperatura atseginagoari emango baitio bide. 30 graduak ozta-ozta gaindituko dira bailaretan, eta mendi gainetan 18-22 gradu artean. Horiek tenperatura normalak dira uztailean, eta beroa ez da faktore erabakigarria izango Pirinioetan.

Hiru etapa. Lehenengoa ez da hain gogorra, Port de Lers eta Mur de Peguere 'bakarrik' igoko direlako (bakarrik kakotx artean). Bi mendate horiek tenteak dira, batez ere Mur de Peguere. Azken hiru kilometroak %13, %12,6 eta %11ko malda dute, eta tarteka %16 eta %18ko pendizak ere bai. Gainetik Foix-ko helmugara 27 kilometro daude, tarteka eman beharreko jaitsiera guneak. Asteazkeneko etapako bigarren zatia gaiztoa da, segadak egiteko aproposak. Behin Arreau herria pasata, Aspin hasieran, atsedenik ez da izango. eta lau mendate bata bestearen atzetik kateatuko dituzte: Aspin, Hourquette d'Ancizan, Val-Louron Azet eta Peyragudes. Etzanagoak lehen biak, tenteak azken biak. Eta ostegunean plater nagusia, Pirinioetako gogorrena eta Alpeetako etapen pare jar daitekeena, 140 kilometroko etapa laburra izanda ere. Hirugarren etapa exigentea da jarraian, eta 80 kilometrotan 3.300 metroko desnibel positiboa izango du. Asko da hori jarraian, eta igoko diren mendateak historikoak eta gogorrak dira. Aubisque, aurrena, mendate mitikoa. Luzea, 17 kilometro, eta %7.1eko malda. Spandelles, ondren: ezezaguna, baina bihurria eta errepide estukoa. Erne Soulortik beherako jaitsieran: 10 km., %8.3ko batez besteko malda. Eta Hautacam, beste mamu bat, bukatzeko. Irregularra? bai, baina malda handikoa, itogarria. Eta indarrak muga-mugan daudela. Zenbaki hotzak: 13.6 km. eta %7.8ko batez besteko pendiza. Ostiralean etapa laua osatuko da, larunbatean 40 kilometroko erlojupekoa eta igandean festa, Le Champ Elysees...

Zer gertatuko da? Dakienak aberats. Egitateak, hauek: Pogacar-ek ezin du Vingegaard atzeratu. Saiatu da dozena erditan, baina ezin. Ahalko ote du Pirinioetan? Erraza ez. Taldeen lana garrantzitsua izango da, baina Pogik Vingegaard askatzen ez badu, UAEren ekimen oro ez da emankorra izango. Jumbo ahulduta geratu da Roglic eta Kruiswijk gabe, baina Benoot, Kuss eta Van Aert morroi onak dira. Parekatuak daude indarrak. Podium-eko 3. koskarako Geraint Thomas-ena da hautagaitzarik sendoena, batez ere larunbatean bere ezaugarrietarako aldekoa den erlojupeko luzea duelako. Txakalalaldiak gerta litezke. Quintana, Bardet, Vlasov, Pidcock, Mas, Lutsenko, Meintjes... Horiek urrunetik erasotzen saia daitezke eta urduritasuna eragin. Adam Yates-en rola ere erabakigarria izan bide da. Zer egingo du? Iraun edo arriskatu? Granon mendatean bukatu zen etapan gertatu bezala, tabloi handiak harrapatzeko arriskua dago, eta erne.

Pronostikoa, Parisen.

Garaile: Vineko
2. sailkatua: Pogi
3. sailkatua: G

Top 5: Gaudu eta Bardet

Sorpresak: Vlasov eta Nairoman


Sailkapen nagusia:

1. Jonas Vingegaard (Jumbo) 59.58.28
2. Tadej Pogacar (UAE) 2.22ra
3. Geraint Thomas (INEOS) 2.43ra
4. Romain Bardet (DSM) 3.01era
5. Adam Yates (INEOS) 4.06ra
6. Nairo Quintaba (Arkea) 4.15era
7. Louis Meintjes (Wanty) 4.24ra
8. David Gaudu (Groupama) d. b.
9. Thomas Pidcock (INEOS) 8.49ra
10. Enric Mas (Movistar) 9.58ra

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!