Aurreakordioa sinatu dute CCOO eta LAB sindikatuek, Gipuzkoako papergintzan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 18a, 00:00

ELA sindikatuak, bere aldetik, adierazi du proposamenetik ezabatu direla aurrez hartutako zenbait konpromiso.

Aurreko astelehenean egin zuten bilera, Adegik eta CCOO, ELA eta LAB sindikatuek, Gipuzkoako papergintzaren sektoreko hitzarmenaren inguruan. Bertan, bere proposamena luzatu zuen Adegik, eta balorazio positiboa eginda, aurreakordioa sinatzeko prest agertu ziren CCOO eta LAB, argudiatuz «aurrerapauso haundiak» ekarriko dizkiela sektoreko langileei. Ostiralean sinatu zuten aurreakordioa bi sindikatuek, eta LABek azaldu duenez, datorren astean burutuko diren Langile Asanbladetan aurreakordioari baiezkoa emanez gero, uztailaren 22an sinatuko dute hitzarmena.

ELA sindikatuak, ordea, gaitzetsi du proposamenetik ezabatu izana, aurrez adostutako zenbait konpromiso. Proposamenaren hainbat eduki positibotzat jo dituen arren, uste du baldintza hobeak lortuko zituztela, hiru sindikatuak elkarlanean aritu balira, «edukiak eta helburuak unifikatuz. Horretan saiatu gara, baina ezezko erantzuna jaso dugu CCOOren zein LABen aldetik».

ELAk adierazi du, akordio bat lortu zuela aurretik, zeinaren bitartez enpresek konpromisoa hartuko zuten arbitrajerik ez ezartzeko, eta onartuko zuten hitzarmenaren edozein aldaketa egiteko langileen adostasuna beharko zela. «Konpromiso hori ezabatu egin da azkeneko proposamenean, eta oso larria», dio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!