Bizikleta Itzulia antolatu du Sarek bosgarrenez, eta Usurbilen zein Lasarte-Orian bat egiteko deia luzatu diete herritarrei

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 17a, 00:00

Lasarte-Oriako Okendo plazan egin zuen agerraldia Buruntzaldeako Sarek, Bizikleta Itzulia aurkezteko.

Igandean pasako da Buruntzaldeatik, eta parte hartzeko deia luzatu diete eskualdeko herritar guztiei, Usurbilen eta Lasarte-Orian elkartuta.

Bizikleta Itzulia antolatu du Sarek, bosgarrenez, Etxera bidea gertu! lelopean. Uztailaren 22tik 24ra egingo dute, datorren ostiraletik igandera. Etxarri-Aranatz­en hasiko da, Nafarroan, eta Do­nostian bukatu. Hori horrela, ekimenaren azkeneko egunean, igande­an bertan, pasako da Urumea bailaratik gertu, eta bat egiteko deia luzatu diete herritarrei.

Aste honetan egin du agerraldia Buruntzaldeako Sarek, Lasarte-Orian, Bizikleta Itzulia aurkezteko. Uztailaren 22an, goi­zeko 09:00etan Etxarri-Aranatz­en ha­si, eta Durangon bukatuko da au­rreneko etapa, 19:00etan. Tar­te­an, Agurain, Gasteiz edota Otxandio zeharkatuko dituzte, besteak beste. Durangotik bertatik abiatuko da bigarren etapa, goizeko 09:30etan; eta Eibar, Elgoibar, Deba eta Zumaia zeharkatu ondoren, Azpeitian bukatuko da, 19:00etan.

Eta Azpeitiatik abiatuko da hirugarren etapa, igandean goizeko 09:00etan, Donostiara bidean. Zestoatik, Zarautzetik eta Oriotik pasa ondoren, Buruntzaldean sartuko da. Orduan luzatu diete deia eskualdeko herritarrei, Bizikleta Itzuliarekin bat egiteko. Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua, Usurbilgo frontoian zein Lasarte-Oriako Okendo plazan, itzuliarekin bat egin eta 11:30etan Errekaldetik elkarrekin abiatzeko, Donostiara bidean. Bulebarrean bukatuko da aurtengo Bizikleta Itzulia, eta ekitaldia eta luntxa egingo dute bertan.

Aurtengo leloaren zergatia ere azaldu zuen Buruntzaldeako Sarek, aurkezpenean: «espetxe politikan ematen ari diren aldaketek, etxera bidea egiteko aukera parez pare zabaldu dutelakoan gaude; eta honek areagotu egin du, kalean, forma eta modu anitzetan, elkartu eta Euskal Herriratzeei zein salbuespen politiken amaierari azken bultzada emateko beharrizana. Aktibazio zibilari esker iritsi gara testuinguru berri honetara, eta hori muturrera eramateko bide horretan jarraitzea dagokigu, tira eta bultza. Horregatik diogu, etxera bidea egiteko gertu garela, prest baikaude bidea helmugaraino egiteko».

Donostian beste bi hitzordu, abuztuan eta urrian

Bizikleta Itzuliaz gain, beste bi hitzordu jarri ditu Sarek, Donostian. Abuztuaren 20an, mobilizazioa egingo dute, festen testuinguruan. Eta urriaren 8an, «mobilizazio eta jaialdi erraldoia» izango da: «gorde datak eta zatozte gurekin kalera!», luzatu dute deia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!