Sute arriskuagatik alertan, Urumea bailarako herri gehienak

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 16a, 10:54

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du gaur 13:00etan bigarren zonaldean, eta horretan daude Hernani eta Ereñotzu. Alertatik kanpo geratu da Astigarraga, lehenengo zonaldean, abisu horian.

Sute arriskua haundia dela eta, alertan egongo dira Urumea bailarako herri gehienak, datozen orduetan. Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du eguerdiko 13:00etatik 21:00etara, bigarren zonaldea bezala izendatu duen eremuan; eta horren barruan daude Hernani eta Ereñotzu. Astigarraga, aldiz, lehenengo zonaldean dago, eta alertatik kanpo geratu da oraingoz. Abisu horia dago aktibatuta, bertan.

Alerta laranjan dauden eremuetan, debekatuta egongo dira sutea eragiteko arriskua eragin dezaketen jarduera guztiak. Hori horrela, ezingo da barbakoarik egin, petardo edo suziririk jaurti, edota txispak edo deskarga elektrikoak eragin ditzakeen nekazal makinariarik erabili. Horrelako zerbait egitea, falta larria edo oso larria izango da, eta 1.501 eta 30.001 euro artekoak izan daitezke isunak.

Unean uneko egoera eta aurreikuspenen arabera egokituko du zonalde bakoitzeko arrisku maila Eusko Jaurlaritzak. Une honetan, gaurko arrisku maila berbera ezarri dute biharko ere, 13:00etatik 21:00etara: alerta laranja bigarren zonaldean, eta abisu horia lehenengoan. Hirugarren eta laugarren zonaldeetan, berriz, alarma gorria ezarri dute bi egunetan.

Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, astelehenera arte luzatu du alerta, muturreko sute arriskuagatik; eta deia luzatu die herritar guztiei, horiek saihesteko neurriak areagotzeko. Aisialdian sua piztea debekatuta dago landa eremuan, eta udalei gomendatu die, herriguneetan ere debekatzea barbakoak, petardoak, suziriak edota su artifizialak, berdeguneetatik gertu; eta baita txispak eragin ditzaketen tresnak erabiltzea ere: motozerrak, desbrozadorak, soldadorak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!