Frantziako Tourra 2022

Beti ezin da inoiz ez bezala gozatu...

Andoni Urbistondo 2022ko uzt. 14a, 18:51
©rtve

Alpeetako bigarrena atzokoa baino askoz zozoagoa izan da, Jumbok kontrol zorrotza jarri duelako; Vingegaard-ek aise eutsi dio Pogacarren bi erasoei Alpe d'Huezen, eta Tom Pidcock gaztea historiako garaile gazteena bilakatu da bukaera mitiko hartan

Atzokoa nahiko genuke beti, bana beti ezin da inoiz ez bezala gozatu. Atzokoaren moduko etapak oso tantaka ematen dira, eta nahiko argi zegoen Alpeetako bigarrena askoz kontrolatuagoa izango zela. Batez ere Jumbo-Visma taldeak daukalako agintea orain, eta talde horrek oso kontrol zorrotza jarriko duelako tropel buruan. Galibier-en gora Van Aert jarri da polizi lanetan, eta hark nahi izan duenak bakarrik egin du aurrera. Jakina. UAEko inork hanka egitea ezinezkoa, Pogacar-ek berak urrunetik jotzea bezala. Vingegaard askatuta ere zazpi txirrindulari bikain ditu Jumbok, eta Pogacar-ek badaki makinaria findu horren aurka jai duela.

Vingegaard-en aurkako buruz-burukoetan ere bai, ziur aski. Alpe d'Huezen bi eraso bortitz egin ditu Pogacarrek, bere-bereak diren bi eraso kolpe, baina liderrak aise eutsi dio, ez da milimetro bakar bat urrundu Pogacarren gurpiletik. Hor ere Tourra jokatzen da, katua eta zakurraren arteko joko horretan, nork jo, nork eutsi. Gaur Vingegaard izan da Pogacarri esloveniarrak lehen astean bota zizkion desafio begiradak itzuli dizkiona. 'Tourreko capoa ni nauk orain, Pogi', esan nahi izan dio, eta horrek psikologikoki mina egingo dio Pogacar-i. Nola edo hala bi minutu eta erdiko atzerapena jan behar duelako, minutua behintzat bai, azken erlojupekoari begira. Non eta nola jan, baina, atzerapen hori?

Hurrengo etapetan gertatuko den bezala, bi lasterketa egongo dira aurrerantzean ere: etapa garaipena lortzeko bata, sailkapen nagusikoa bestea. Galibierren gora sei lagunek egin dute ihes, baina kamerek Tom Pidcock-ek Galibierren behera egin duen jaitsiera ikusgarria erakutsi dute. Ikusleren batek bihotzeko jasateko modukoa, Pidcock teknikoki oso iaioa delako. Ez alferrik, munduko onenetakoa da mendi bizikletan eta ziklo-krosean, eta diziplina horietan derrigor izan behar duzu maisua teknikoki. Pidcock-ek ihesaldiarekin bat egin du eta bidea egin. Han zen Chris Froome zaharra, loria beste bide batzuen bitartez bilatu beharrean orain. Pidcock-ek erritmoan hautsi ditu aurkariak Alpe d'Huez-en, eta garaile helmugaratu da. Bukaera mitiko horretako inoizko etapa garaile gazteena da Ingalaterrako harri bitxi berria.

Oilarren artean nobedade handirik ez. Vingegaard eta Pogi dira indartsuenak. Nahieran egiten dute aurrera biek bakarrik erritmoa bizitzen denean. Geraint Thomas-ek erantzuten die ondoen, eta INEOSkoak nagusiko 3. postua berreskuratu du, Bardet-ek helmugan segundo batzuk galduta. Yates, Gaudu eta Quintanak ere atzerapen apur bat pilatu dute, baina ziurrak dirudite Top 5-7an, Alpeetatik irteteko unean.

Bihar 13. etapa korrituko da, Le Bourg d'Oisans-Saint-Etienne. Alpeetatik Erdikaldeko Mendikatera egingo du tropelak, ibilbide gorabeheratsua, baina kontrolatzen erraza Jumborentzat. Ihesaldia iritsiko da bihar. Baita etzi, eta etzi damu ere. Hasi ehiztarien zerrenda osatzen. Uso pasa garai bete-betean murgildu da Tourra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!